Donostiako desfibriladore guztiak mapa batean bilduta

Udalak bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko ikastaroak egingo ditu ikastetxeetan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak, Osasun Publikoko Zerbitzuaren bidez, mapa bat argitaratu du Udalaren webgunean eta geoEuskadi aplikazioan. Mapa horretan, hiriak ekipamendu eta bulego publikoetan zein enpresa eta zentro pribatuetan dituen desfibriladore guztiak jasotzen dira.

"Balio handiko tresna da, eta oso interesgarria bihotz-biriketako geldialdi bat duen pertsona bati laguntzeko, larrialdiko osasun-laguntzak iristen diren bitartean artatu behar badugu", Marisol Garmendia Ekologiako eta Osasun Publikoko zinegotziak nabarmendu duenez.

Gaur egun, 211 desfibriladore inguru daude banatuta Donostia osoan, eta ia aparatu bat dago 1.000 biztanleko. Kopuru hori Estatuko batez bestekoaren hirukoitza da, baina oso urrun dago Alemania, Erresuma Batua edo Frantzia bezalako herrialdeen kopuruetatik.

KDA asko (kanpoko desfibriladore automatikoak) kirol edo kultura instalazioetan daude, ekipamenduaren funtzionamendu-ordutegiari lotuta. Beste batzuk merkataritza-guneetan, hoteletan eta kudeaketa pribatuko beste leku batzuetan daude.

IKASLEEI BIHOTZ-BIRIKETAKO BIZKORTZEA APLIKATZEN IRAKASTEKO SAIOAK



Urtero bezala, Donostiako Udalak, Osasun Publikoko Zerbitzuaren bidez eta Gurutze Gorriarekin eta DYArekin elkarlanean, hiriko DBHko 4. mailako ikasleentzako saio batzuk antolatu ditu. Helburua da ikasleek jakitea zer den bihotz-biriketako geldialdia, nola jokatu larrialdi bati aurre egin behar izanez gero, eta, osasun-larrialdiko zerbitzuak iritsi arte, azkar esku hartzearen garrantziaz ohartaraztea.

Martxora arte egingo den edizio honetan, parte hartzen duten ikasleek larrialdi bati aurre egiteko behar diren prestakuntza eta azalpen guztiak jasoko dituzte.

2021-2022 ikasturtean informazio-saioak eman zitzaizkien hiriko 24 ikastetxetako 63 ikasle-talderi, eta 1.440 ikaslek hartu zuten parte.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/02/16-an argitaratua