'Zure Hiria Zaintzen' programaren edizio berri bat jarri da abian

Aurten, Amara Berri auzoko 360 ikaslek parte hartuko dute

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostia Hiri Hezitzailea da, eta hezkuntza, hezkuntza-erakunde tradizionalak gainditzen dituen zentzu zabalean ulertuta, hiriaren funtsezko proiektu eta zeharkako ardatza da. Eredu horretan, familiek eta eskolek funtsezko zeregina betetzen jarraitzen dute.

Testuinguru horretan, ekar dezagun gogora Donostia Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko (AICE) eta Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko (RECE) kide dela 1998. urteaz geroztik. Zehazki gaur aurkezten dugun "ZURE HIRIA ZAINTZEN" programarekin, hainbat ekimenen bidez, herritar guztiek ulertzeko moduko informazioa eskuratzea eta parte-hartze aktiboa bultzatzea bilatzen dugu, ikuspegi kritiko eta erantzunkide batetik.

Aurreko edizioak

Iaz Ekialdeko Barrutiko (Intxaurrondo, Bidebieta eta Altza) 160 ikaslek parte hartu zuten programan. Aurten, 360 ikaslek parte hartuko dute, Amara Berri auzokoak, LH5 eta LH6 mailetakoak, hain zuzen ere. Parte hartuko duten ikastetxeak hauek izango dira:
  • Amara Berri
  • Ikasbide Ikastetxea
  • Katalin Erauso

Proiektuaren faseak

Proiektua bi fasetan garatzen da:
  • Lehenengo fasea: Donostiako Udaleko Hezkuntza Atalak unitate didaktiko bat prestatu du, ikastetxeek ikasgelan landuko dutena. Lan honetatik abiatuta, bisita gidatua eskainiko zaie ikasleei udaletxera.
  • Bigarren fasea: ikasleek ikasitakoa oinarri hartuta egindako marrazkien lehiaketa antolatuko da. Lanak maiatzaren 8tik 25era egongo dira ikusgai ARCCO merkataritza-gunean.

Iñigo García, Hezkuntza eta Gazteria zinegotziak adierazi duenez, 'ZURE HIRIA ZAINTZEN programaren bidez, gure hiriko txikienek betetzen duten funtsezko zeregina nabarmendu nahi dugu. Beraiek dira, beren begirada garbi, bitxi eta kritikoarekin, hiria ikuspegi berrietatik ulertzen laguntzen digutenak eta Donostiaren etorkizuna bere eskuetatik ere pasatzen dela gogorarazten digutenak. Proiektu honen bidez, ikasleek beren hiria, erakundeak, historia eta balioak hobeto ezagut ditzaten bilatzen dugu, haien parte-hartze aktiboa eta arduratsua sustatuz, egungo herritar gisa, eta ez soilik etorkizunekoak. Ziur gaude haurrek hiria norberarena dela sentitzen dutenean hiria zaindu, errespetatu eta eraldatu egiten dutela. '

Erlazionatutako dokumentuak

2025/03/28-an argitaratua