Elur Plana martxan jarri du Udalak, asteburuari begira

Astelehenera arte alerta laranja ezarri da Donostian elurrari dagokionez, eta abisu horia izozteak direla eta.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Azken Eguneraketa Otsailaren 23an


Astelehenera arte alerta laranja ezarri da Donostian elurrari dagokionez, eta abisu horia izozteak direla eta. Ondorioz, Donostiako Udalak Elurrak Plana martxan jarri du: 100 tona gatz bildu dira suhiltzaileen Garberako egoitzan eta goizetik agente guztiak lanean daude behar guztiei aurre egiteko. Gatza bota da ospitaleetan, anbulatorioetan, auzoetako merkatuetan, Garberan, Zurriola zubian, Kontxa pasealekuan etab.

Azken eguraldi-iragarpenaren arabera, elur-kota itsas-mailan kokatuko da larunbat gauera arte; igandean berriz, zaparrada txiki-ertainak botako ditu, bereziki egunaren lehenengo partean kantauri isurialdean eta elur-kota 0-200/300 m artean kokatuko da; bestalde, trumoi-ekaitzak eta txingorra egiteko probabilitatea handia izango da. Astelehenean, aldiz, elur-kota 100-200m inguruan kokatuko da goizean eta 300-400m artean arratsaldean. Trumoi-ekaitzak eta txingorra egiteko probabilitatea handia izango da eta izotz txiki-handia egingo du, bereziki barnealdean.  

Horren aurrean, Babes Zibileko agente guztiak, suhiltzaileen kamioiak, lur orotako ibilgailuak eta anbulantziak erne eta esku hartzeko prest jarraituko dute 24 orduz. Gainera, aurretik aipatutako lekuetaz gain, prebentzio-neurri gisa, gatza botako da ospitaleetan, eguneko zentroetan, autobusaren ibilbideetan, heziketa-zentroetan, zaharren egoitzetan, kultura-etxeetan, kiroldegietan, aparkaleku publikoetan, hainbat espaloietan (Altza, Oleta, Argel kalea, Pio Baroja……), pasarelatan (Loiolako Erriberak, Zurriola pasealekua, Mundaiz Zubia…), Kontxako pasealekuan,  etab.

Herritarrei dagokienez, Elurrak Planean hainbat gomendio egiten zaizkie:

   
  • Oinetako eta arropa egokia jantzi, eta ez irten kalera beharrik ez bada.
  • Ez da komeni adineko pertsonak kalera irtetea.    
  • Kontuz ibili, ez erortzeko.    
  • Garraio publikoa erabili.  
  • Etxeetako ateak eta leihoak ondo itxi.    
  • Teilatuak eta terrazak ondo dauden begiratu.    
  • Kontu izan berogailuekin; eta egurastu, intoxikaziorik izan ez dadin.    
  • Elurra edo kazkabarra egiten badu, garbitu etxearen aurrealdeko espaloia.  




Donostiako Udalaren Elurrak Plana kontsultatu gure webgunean



2013/02/22-an argitaratua