Udalak lokal bat utzi du Altzan Ukrainarentzako laguntza humanitarioa kudeatzeko

Lokala egokitzen ari da eta datorren astean hasiko da zerbitzua ematen

Inprimatu
Whatsapp ikonoa



Donostiako Udalak lokal bat utzi dio Altza auzoan “Asociación sociocultural y de cooperación al desarrollo Ucrania-Euskadi” elkartearen Donostiako ordezkaritzari, Ukrainara bideratutako laguntza humanitarioa jaso eta kudeatzeko.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “lagapen hau Udalak Donostiako ukrainar komunitatearekin gatazka hasi zenetik izaten ari den harremanen emaitza da. Izan ere, gure lankidetza eta babesa eskaini diegu une oro, hain zailak diren une hauetan dituen beharrei erantzuten saiatuz”.

270 m² dituen lokala Herrera pasealekuaren 72. zenbakian dago, eta garai bateko haurtzaindegi bat da. Laguntza humanitarioaren koordinazio, bilketa, biltegiratze eta kudeaketa logistikorako erreferentziazko tokia izango da, baita errefuxiatuak hirira iristen direnean lehen mailako arretarako gune bat ere. Horretan, egin behar duten edozein izapidetan lagunduko zaie.

Espazio hau egokitzen ari dira momentu hauetan, datorren astelehenetik aurrera zerbitzua ematen has dadin. Udala mahaiak, aulkiak, ordenagailuak, interneterako konexioa eta bestelako materiala instalatzen ari da lokaleko aretoak egokitzeko, eta etorkizunean sor daitezkeen premiei adi egongo da.

Laguntza humanitarioa


Erreferentzia puntua Ucrania-Euskadi elkarteko boluntarioek kudeatuko dute, eta arratsaldeetan emango du zerbitzua. Elkarteak berak baloratuko ditu datorren astetik aurrera laguntza beharrak, eta laguntza jasotzeko deialdiak antolatuko ditu.

2022/03/04-an argitaratua