Hitzarmen berria hiriaren turismoa sustatzeko

2021ean Donostiari buruzko mila artikulu baino gehiago argitaratu dira, 12,5 milioi euroko balioarekin

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostia Turismoaren eta Gipuzkoako Hotelen Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmen horri esker, bazkide diren hoteletako (hiriko hotel-ostatuen eskaintzako % 76 biltzen dute) 19 hotelek doan utziko dituzte 105 logela hiria merkatu estrategikoetan sustatzeko turistikoki preskriptore profesionalen bidez (touroperadoreak edo kazetari espezializatuak, adibidez).

Hitzarmenean sartzen diren ostatuek Donostia Turismoaren esku jarriko dituzte logela horiek turismogunea sustatzeko ekintzetarako erabil ditzaten. Ekintza horietako batzuk dira, adibidez, fam trip (agenteentzako edo touroperadoreentzako familiarizazio-bidaiak), press trip (Estatuko edo nazioarteko komunikabide entzutetsuetan erreportajeak idatzi behar dituzten eta lehentasunezkoak diren merkatuetako kazetarientzako prentsa-bidaiak), blogger trip (audientzia eta profil estrategikoak dituzten influencerrentzako bidaiak), eta/edo ikuskapeneko bidaiak aisialdiko turismoan, MICE turismoan edo bileren turismoan.

Turismo Jasangarriko zinegotziak, Cristina Lagék, adierazi duenez, “ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko uztarketa funtsezkoa da Donostia helmuga erakargarri gisa sustatzeko. Hotelek badakite bisitarien etorrerak onurak ekarriko dizkiela eta horrek egiten ari garen sustapen-lanetan gogotsu parte hartzea dakar. Batzuetan Donostia bakarrik saltzen den hiria dela pentsatzen dugu, eta, Donostiaren ontasunak ezagutzeko interesa duten pertsona berriak konkistatzea erraza izan arren, hiriaren sustapena beharrezkoa da oraindik ere. Horregatik, gure hotelak egoera horretaz jabetzea eta helburua lortzeko ahaleginak batzea garrantzitsua da”.

Elena Estomba, elkarteko zuzendariaren hitzetan, “Gelen lagapena, hotelek, hiriaren izen onari egiten dioten ekarpen gisa ulertu behar da. Zalantzarik gabe, ahalegin handia da, baina ziur gaude akordio honek sektore eta jarduera askotan eragin positiboa duela. Laburbilduz, lankidetza publiko-pribatuaren erakustaldi honek, hiriaren posizionamendua mantentzeko ekarpen baliotsua egiteaz gain herritar guztiek baliatzen dituzten ekintza jakin batzuk egin ahal izatea erraztu egiten du.”

2022/03/21-an argitaratua