Euskararen Nazioarteko eguna ospatzeko 120 ekitalditik gora antolatu dira

Antzerkia, kontzertuak, hitzaldiak, proiekzioak egongo dira, besteak beste, hiriko 16 auzoetan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

2024ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte hiriko hamasei auzotan: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Ibaetan, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen, Parte Zaharrean eta Zubietan. Horietan, 120 ekitaldi baino gehiago izango dira azaroaren 27tik abenduaren 5era. Horren harira Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotziak zera azaldu du: “Auzoetako batzordeek egin duten lana goraipatu beharra dago. Guztira, 53 eragile aritu dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta hori kopuru garrantzitsua da oso. Elkarlanaren emaitza izan da”.

Era guztietako ekintzak hiriko auzoetan: ekintza sorta zabala eta anitza prestatu dute auzoek datozen egunetarako:
  • batetik, kultur ekintzak (antzezlanak, film-proiekzioak, hitzaldiak, liburu-irakurketak, kantu-jirak, bertso-saioak, kontzertuak, eta abar);
  • bestetik, helduen artean euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak (mintzodromoak, mahai-jokoak, tailerrak, lehiaketak...),
  • eta, azkenik, haurrentzako eta gazteentzako jarduerak edota familian egitekoak (ipuin-kontalariak, pailazoak, buruhandi eta erraldoiak, jolasak, txokolate-janak, Euskaraokea, disko-festak, puzgarriak eta abar).

Abenduaren 3an, asteartea, mintzodromoak antolatuko dira San Telmo Museoan. Arratsaldean, Pantailak Euskaraz-en Urak eginen du bide dokumentala eta Barrexerka taldearen Nahastumbury antzezlana eskainiko dira saio berean, 19:00etan hasita.

Gozaldia Eguna

Azaroaren 30ean Gozaldia Eguna antolatuko da Euskal Herriko hiri eta herri askotan Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dela ospatzeko. Donostiako auzo guztietan ekintza sorta handia eta anitza prestatu da herritarrek euskararekin gozatu dezaten.

Euskara plazara jokoa eta lehiaketa

Abenduaren 3an, Donostiako Turismo Udal Erakundeak Euskara Plazara jokoa banatuko du bulegora gerturatzen diren bisitari euskaldunen artean. Jokoa sare sozialetan aurkeztu zuten eta abenduaren 2a arte egongo da eskuragarri (https://pr.easypromosapp.com/p/986860). Jokoan parte hartu eta emaila uzteagatik, Turismo Bulegoan diren Euskal Imanak eskuratuko dituzte jokalariek. Azkarrena irabazle; beraz, prestatu begi eta atzamar horiek eta jolastera!

Erlazionatutako dokumentuak

2024/11/25-an argitaratua