Donostiak kaleen garbiketaren kalitatea berretsi du eta Platinozko Erratz berria lortu

Oviedorekin batera, garbiketagatik eta hondakinen kudeaketagatik sari gorena jaso du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiak bere hamargarren Platinozko Erratza eskuratu du Madrilgo Ifeman ospatu den XVIII. lehiaketan.

Oraingo honetan, epaimahaiaren aktan jasotzen denez, nabarmentzekoa da “hondartzetan isuriak eta flotatzaileak garaiz hauteman eta kontrolatu izana, kaleen garbiketaz arduratzen den FCCk kontratatutako dron baten bidez; izan ere, enpresak aldian-aldian hiriko hondartzetako isuriak, izurriteak edo hondakinak detektatzen ditu, ingurumen-kalitatean eta hondartzen garbiketan eragina izan dezaketenak.”

Bikaintasun Agiria

Platinozko Erratza honetaz gain, Donostiak Bikaintasun Agiria jaso zuen antolakuntzaren eskutik, hiriak dituen Zilarrezko, Urrezko eta Platinozko Erratz sariak aitortuz.

Oviedorekin batera, lehiaketa honetako hiririk sarituena da. Platinozko Erratza Miguel Ángel Díez Hiri Mantentze Saileko zinegotziak jaso zuen atzo Ifeman.

Euskadiri dagokionez, beste hauek ere jaso zuten Platinozko Erratza: Gasteizko Udalak, Portugaletekoak, Gernika-Lumokoak eta Txingudiko zerbitzuek.

Aurtengoa ATEGRUS Elkarteak bi urtean behin antolatzen duen lehiaketaren XVIII. edizioa izan da, eta historian zehar mila sari baino gehiago eman dizkie Espainia, Mexiko, Txile, Argentina eta Peruko udalerri, aldundi, kabildo, autonomia erkidego, enpresa eta unibertsitateei.

2022/06/16-an argitaratua