Bizikleta, uda honetan Donostian ibiltzeko aukerarik onena

Aparkalekuak indartzea, bidegorrien sarea hobetzea edo Dbizi sistema dira bizikletaren erabilera bultzatzeko gakoetako batzuk

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak urratsak ematen jarraitzen du mugikortasun aktiboaren aldeko apustuan, bizikletaren erabilera bultzatuz. Hori dela eta, Udalak hainbat hobekuntza jarri ditu abian bizikletaren inguruan, uda honetan hiriko mugikortasunaren elementu nagusi bihur dadin.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak adierazi duenez, "bizikletaren aldeko apustua hiriko mugikortasun-planaren parte da, eta hiri atseginagoa lortzea eta donostiarren bizi-kalitatea hobetzea du ardatz nagusi. Apustu horrekin batera, neurriak hartu dira bizikleta herritarrentzat erakargarria izan dadin. Azken aldian, Mugikortasun Zuzendaritzatik hainbat ekintza egiten ari gara bizikletaren erabilera sustatzeko, eta uda –eta eguraldi ona– une egokia da bizikletan mugitzeak zein nolako abantailak dituen ikusteko”.

Bizikletaren erabilerak gora egin du azken urteotan, eta Udalak are gehiago sustatu nahi du, ingurumenerako ez ezik, hori erabiltzen dutenen osasunerako ere onuragarria baita. Horregatik, Bizikletaren Plan Integrala prestatzeko lanak amaitzen ari da Mugikortasun Zuzendaritza. Plan hori datozen hilabeteetan jarriko da abian, eta etorkizuneko bizikleta-sarearen ibilbide-orria zehaztuko du.

Bidegorri-sarea

Bizikleta garraiobide gisa aukeratzeko faktoreetako bat bidegorrien edo bizikleta-bideen sarea da. Ildo horretan, bizikleta-bide bereiziz osatutako 66,38 km-ko sarea du Donostiak (horietatik % 13 oinezkoekin batera erabiltzeko modalitatean, eta beste % 87a bizikleta-bide eta bizikleta-espaloi modalitateetan), eta sare horri beste tarte batzuk txertatzea proposatzen da, guztira 1,5 km gehiago.

Gainera, 2024 eta 2025 bitarte, bidegorrien zoladura konpontzeko proiektua gauzatu da hiriko hiru guneetan eta gaur egun zoladura hobetzeko lanak egiten ari dira Gregorio Ordoñez kalean (Loiolako Erriberetara doan igoera) eta Egia kalean (Astiñene zubiaren eta Aldapa kalearen artean), eta hobekuntzak egiten ari dira Easo kalearen eta Pedro Egaña kalearen arteko txirrindularientzako eta oinezkoentzako bidegurutzean.

Dbizi zerbitzua

Duela 5 urte abian jarri zenetik, Dbizi da hirian gehien erabiltzen den garraio publikoko zerbitzuetako bat: 1,3 milioi joan-etorri erregistratu ziren 2024an. Geltokiei dagokienez, datorren ostegunean, hilak 19, 01 – Udaletxea – Ayuntamiento geltokia handituko da. Udaletxean egiten ari ziren obrak zirela eta, geltoki hori Nautiko ondoan birkokatu zen. Orain, ainguratzeak Ijentean birkokatuko dira berriro –hasiera batean zeuden lekuan– eta beste batzuk egun dauden lekuan utziko dira, Nautiko ondoan, alegia.

Bizikleta-aparkalekuak

2023 eta 2024 artean, 33 bizikleta-aparkaleku iraunkor instalatu ziren hirian; hau da, 330 aparkaleku-plaza gehiago jarri dira. Ondorioz, gaur egun, bizikletak aparkatzeko plaza-kopurua 8.400 inguru da.

Eta 2025erako aurreikuspenen arabera, aurten 12 bizikleta-aparkaleku berri (120 plaza) ezarriko dira.

Bizikleta erabiltzailearen gida

Bizikletaz mugitzeko modurik onenari buruzko informazioa emateko, Donostiako Udalak, Kalapie txirrindulari-elkartearekin lankidetzan, Hiri bizikleta erabiltzailearen gida argitaratu zuen eta modu argi eta eskuragarrian jasotzen da ibilgailu horrek dakartzan onurei, arauei eta betebeharrei buruzko informazio guztia, eta jardunbide egokien inguruko gomendio batzuk ere ematen ditu.

Bizikleten Errolda

Gaur egun 5.464 bizikleta daude erregistratuta. Doako izapide erraz baten bidez, sistema horrek aukera ematen du bizikleta bat datu-base batean sartzeko, haren ezaugarri esanguratsuenak eta bastidore-zenbakia identifikatuz, bai eta jabearen datuak ere, lapurreta-arriskua minimizatzeko eta bizikleta berreskuratu ahal izateko.

Hiri bizikleta erabiltzeko gida

    Erlazionatutako dokumentuak

    2025/06/18-an argitaratua