Euskaraz barra-barra marka aurkeztu da

Euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzeko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak, Hiruko Itunaren barruan, Euskaraz barra-barra marka aurkeztu dute gaur Donostian egindako ekitaldian. Marka berri honek merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen ditu.

Kontsumitzailea erdigunean jarri eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin, Euskal Herri osora zabalduko da egitasmoa. Euskara gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka bateratu da, euskararen lurralde guztietara zabalduko dena. Hasieran eremu pribatuan jarriko da martxan eta etorkizunean eta pixkanaka-pixkanaka eremu publikora hedatzea ere aztertuko da. Herri eta hiri batzuetan hasi eta urtetik urtera euskararen lurralde osora zabalduko den egitasmoa da.

Euskaraz barra-barra ikurraren helburua da bezero euskaldunei adieraztea euskaraz egiteko aukera dutela ikurra duten establezimendu edo entitateetan izan ere, marka duten guneetan bermatuta egongo da euskaraz ulertzeko gaitasun nahikoa dagoela uneoro.

Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea da erronka nagusia, honako lau helburu hauek oinarri hartuta:
  • Euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez
  • Herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzea
  • Euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murriztea
  • Euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea

Pilotajea


Duela hilabete batzuk hasi zen Euskaraz barra-barra marka pilotatzeko prozesua. Guztira 3-6 hilabete arteko proba denbora honetan Donostia, Oarsoaldea, Andoian, Laudio eta UEMAren barneko herrietako 1.644 establezimendutan ezarri da Euskaraz barra-barra marka bateratu berria pilotatze-fasean:
  • Donostia: 1.132 establezimendu.
  • Oarsoaldea: 113 establezimendu.
  • UEMAko herriak: 265 establezimendu.
  • Andoain: 52 establezimendu.
  • Laudio: 82 establezimendu.

Eneko Goia Donostiako Alkateak azaldu duenez, euskal hiztunen "estres linguistikoa gutxitu eta euskaraz egiteko eskubidea bermatzen du Euskaraz barra- barra" egitasmoak. Beraz, Goiaren ustez "ona da bezero euskaldunentzat baina baita merkatari eta ostalarientzat ere, komunikazioa hobetzen laguntzen dielako eta bezero euskaldunen hizkuntza premiak asebetetzen dituelako".

Alkateak azpimarratu du Donostian bisitatutako establezimendu horietan, jendaurrean ari den langileen %77,7k euskaraz dakiela edota euskaraz ulertzen duela. Horregatik, bere ustez Barra-Barra markak "errealitate hau azaleratzen lagunduko digu eta donostiarrei zein Donostiatik kanpo etortzen diren euskaldunei euskaraz aritzeko aukera ugari emango dizkie".

2023an 50 udalerri inguru, EAEko hiru hiriburuak barne, hasiko dira Euskaraz barra-barra ezartzeko prozesuarekin eta datorren urterako ere konpromezua hartu dute hainbatek. Helburu nagusia herri guztietan martxan jartzea da.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/03/31-an argitaratua