Udalak Artxibo berriaren ondoko lokalak utzi dizkie hiriko hiru elkarteri

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu dituen beste gai batzuk: Amara Berri Loiola patioa, Errotulazioa euskaraz, Martutene gasolindegiko etxebizitzak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du hiru lokal modu pribatiboan erabiltzeko administrazio emakida ematea, Egiako Auzo Elkarteari, Xabier Mendizale Elkarteari eta Trebeska Kultur Elkarteari zuzenean esleituz.

394,27 m²-ko lokala da, Udal Artxiboaren obrarekin batera eraikia Atotxako Dorrearen, Mandasko Dukearen Pasealekuko 36-46 eraikinen eta Mandasko Dukearen Pasealekuaren arteko espazio libreen artean sestrapean dagoen lokalaren zati batean (garai bateko ibilgailu biltegia).

Erabilera anitzeko gune honek honako eremu hauek ditu:
  • Egiako Auzo Elkartea: 41,65 m2-ko bulegoa, bi lanpostu eta bilera gela batekin
  • Xabier Mendizale Elkartea: 94,55 m²-ko eskalada aretoa eta 4,80 m²-ko biltegia
  • Trebeska Kultur Elkartea: 150,96 m²-ko dantza aretoa, 3,20 metroko altuera librea duena eta intsonorizatua dagoena, eta 4,80 m²-ko biltegia

Lokalek honako espazio komun hauek partekatzen dituzte: sarbide komuna eta hall-a; jarduera eremuaren zirkulazio espazioa, 49,25 m²-koa; eta bainugela eta aldageletarako 46,15 m²-ko espazioa, dutxa eta komun egokituak dituena.

Amara Berri Loiola patioa


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Amara Berri Loiola ikastetxeko estalkia konpontzeko eta patioa berrantolatzeko proiektua, 598.527 euroko aurrekontua duena.

Proiektuaren arabera, eraikinaren estalkia berrituko da, sarrerako patioa berrantolatuko da eta Haurreskola aldera sartzeko pasabide bat sortuko da.

Errotulazioa euskaraz


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu ditu hiriko establezimenduetako kanpo errotuluak zein barruko errotuluak euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzeagatik 10.000 euroko dirulaguntzak banatzeko oinarriak.

Euskara Zerbitzuak urteetan eskaini ditu dirulaguntzak establezimenduetako kanpo errotulazioa euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzeko, hiriko merkataritza, ostalaritza eta bestelako zerbitzu-jardueren sektorean euskararen erabilera indartzeko helburuz. Era berean, ildo horri jarraituz, eta hizkuntza paisaia euskalduntzeko nahian, establezimenduen barruko hizkuntza paisaia aldatzeko dirulaguntzak ere eskainiko dira, euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz jartzeagatik.

Martutene gasolindegiko etxebizitzak


Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Martutene eremuari buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketari behin-behineko onarpena ematea.

Dokumentuaren funtsezko edukia da gasolina-zerbitzugunea zegoen industria-erabilerako lurren kalifikazioa bizitegitara aldatzea. Ondorioz, eraikuntza irekiko bizitegi bloke bat eraikiko da, 14 etxebizitzarekin.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/01/25-an argitaratua