Hestia Ondarretako Uraren Etxearen eraikinera lekualdatu da behin behinerako

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Errondoko Berrurbanizazioa , Okendoalde, Etxez Etxeko laguntza

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki du Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak SAri alokatzea Uraren Etxearen eraikineko bigarren solairuko erabilera, Ondarretako pasealekuko 20. zenbakian dagoena, Hestia Eguneko Arreta Zerbitzua emateko. Zerbitzu horrek hainbat prestazio eskaintzen ditu bizitegi bazterketa larrian dauden pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko (elikadura, higienea, etab.).

Eneko Goia alkateak argitu duenez, "orain arte zerbitzuaren zati handi bat San Bartolome kaleko 27. zenbakian dagoen lokal batean eman izan da. Hala ere, lokalaren jabeak duela gutxi jakinarazi dio Arrats Elkarteari, zerbitzuaren esleipenduna eta hura garatzeko espazioa jartzearen arduraduna, ez duela alokairu kontratua berrituko".

Beraz, 2023ko uztailaren 31tik aurrera, lokal hau ezingo da erabili, eta beharrezkoa izan da zerbitzuaren beharretara egokituko den beste bat aurkitzea, eta, horrela, haren jarraipena bermatzea Jai Alai kaleko 17. zenbakian dagoen Villa Saliako obrak eta egokitzapena amaitu arte. Obra horiek 2024ko irailaren 30a baino lehen amaituta egon behar dute, Next Funtsek ezartzen duten moduan.

Hala, esleipendunak eta Udalak hainbat hilabete daramatzate zerbitzua modu egokian emateko ezaugarriak betetzen dituzten eta aldi baterako kokapena denez eskuhartze handirik behar ez duten lokalen bila.

Lokalak 543 m2-ko azalera du eta alokairuaren hileko errenta 907 €-koa da, kontratuan xedatutakoaren arabera eguneratuko dena (merkatuko prezioen azpitik dago).

Beraz, Tokiko Gobernu Batzarrak bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako eguneko arreta zerbitzuaren kontratuaren aldaketak onartu ditu, egoera berrietara egokituz.

Errondoko berrurbanizazioa


Tokiko Gobernu Batzarrak Errondo pasealekua Carlos I.etik Amara Berri ikastetxeraino berrurbanizatzeko proiektua onartu du. Proiektuak 160.705 euroko aurrekontua eta 2,5 hilabeteko egikaritze epea ditu.

Proiektua Errondo pasealekuan Morlanserako noranzkoan mugikortasuna hobetzeko asmoz idatzi da, Amara Berritik Carlos I.eraino hedatzen den eremuan. Helburua da ibilgailuen trafikoa bide bakarrera murriztea eta aparkaleku lerro berri bat sortzea ezkerraldean, 1,5 metroko zabalerako espaloi berri batekin batera erdibitzailean.

Ibilgailuen zirkulazioaren abiadura murrizteko eta, batez ere, oinezkoei lehentasuna emateko, goraguneak izango dituzten zebrabideak ere sortuko dira; horietako bi dagoeneko existitzen direnak, eta beste berri bat Karlos I.aren etorbideko biaduktuaren azpian.

Gainera, aparkaleku horietan TAO sistema edo aparkaleku arautu berezi bat ezarriko da, non Realak Anoetan jokatuko duen partida egunetan motorrak bidearen bi aldeetan aparkatzeko aukera emango den, guztiak estadioaren eta Atano III.a frontoiaren arteko aparkalekuan pilatu ez daitezen.

Okendoalde


Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Manteo hirigintza eremuko (Okendoalde azpieremua) ekipamendu komunitariorako lurzatiaren erabilera pribatiborako administrazio emakida Basque Culinary Center Fundazioari ematea, zuzeneko esleipenaren bidez.

Emakida doakoa da, eta 75 urteko epe luzaezin baterako ematen da, baldin eta bere izaeraren arabera erabiltzen bada eta gastronomiaren balio kate osorako sormenerako, berrikuntzarako eta garapenerako zentro bat sortzeko eta ustiatzeko baino ez bada erabiltzen.

Etxez Etxeko laguntza


Tokiko Gobernu Batzarrak Aztertzen Servicios Asistenciales, SL-ri Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua esleitzea onartu du. Zerbitzu horrek 4 urteko egikaritze epea du.

Zerbitzuaren erabiltzaileek zerbitzuaren zati bat finantzatzen dute dagokien koordainketaren bidez (aurrekontuaren % 20, gutxi gorabehera). Beraz, Udalak gainerako % 80a finantzatu beharko du.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/07/18-an argitaratua