2026-2027rako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua abian da
Herritarrek apirilaren 6ra arte egin ditzakete proposamenak online edota lurralde-bileretan
Donostiako Udalak Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesu berri bati ekin dio, herritarrek proiektuak proposatu eta ondoren bozkatu ahal ditzaten, eta, horrela, 2026 eta 2027 urteetako udal-aurrekontuetan lehenetsitakoak sar daitezen.
Proposamenak jasotzeko lehen fasea astelehen honetan hasi da, martxoaren 10ean, eta apirilaren 6an amaituko da. Aldi horretan, hiriarekin lotura duten 16 urtetik gorako pertsonek (bizilekua, lana, aisialdia, ikasketak...) edo udal-erregistroan inskribatutako elkarteek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte modu telematikoan edo aurrez aurre lurralde-bileretan.
Online proposamenak egiteko formularioak datu pertsonalak jasoko ditu (ez dira publikatuko eta herritarrek udal-gaietan duten parte-hartzeari buruzko informazio pertsonala kudeatzeko erabiliko dira soilik), eta
erantzun beharreko galdera nagusiak honako hauek dira: izenburua, hobetu nahi diren alderdiak eta proposamenaren deskribapena.
Proposamenek, besteak beste, udal-eskumenekoak izan behar dute, ez dute kontraesanik izan behar udal-politika orokorrekin, interes orokorrekoak izan behar dute, eta iritzi bat emateaz gain inbertsioa ekarriko duen proiektu bat proposatu beharko da.
Lurralde eremu ezberdinetako bilerak ez dira informatiboak soilik izango, proposamenak lantzeko eta biltzeko gune ere izango dira. Hau da, topaketa horietara joaten diren pertsonek bertan aurkeztu ahal izango dituzte beraien proposamenak, Herritarren Partaidetzako teknikarien laguntzarekin.
LURRALDE-EREMUETAKO LEHEN BILERAK
- Antigua, Berio, Ibaeta, Añorga: martxoak 12, 18:30 Luberri institutua (Xalbador Bertsolariaren 9).
- Loiola, Txomin-enea, Martutene, Loiolako Erriberak: martxoak 13, 18:30, Loiola Kultur Etxea (Aralar Mendia, 17).
Hurrengo asteetan bilerak egingo dira hiriko beste toki batzuetan.
Prozesuaren faseak
Ondorengo faseetan, proposamenak jasotzeko fasea amaitutakoan martxan jarriko baitira, Udalak aztertu egingo ditu, eta ezarritako irizpideak betetzen badira, donostiarrek urriaren 13tik aurrera eman ahal izango dute horien gaineko botoa. Boto horiekin, herritarrek hurrengo bi urteetako aurrekontuetan sartuko diren proposamenak lehenetsiko dituzte.
- Herritarren proposamenak (martxoaren 10etik apirilaren 6ra)
- Proposamenak aztertzea (apiriletik irailera)
- Proposamenak argitaratzea (irailaren 29tik urriaren 5era)
- Proposamenen bozketa (urriaren 13tik 26ra)
- Proposamen bozkatuenen argitalpena (urriaren 27tik aurrera)
2025/03/10-an argitaratua