Parketarrak, euskaraz jolasean aritzeko ekimena, 16 auzotan antolatuko da

Martxoaren 7tik 25era

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta auzoetan antolaturiko euskara batzordeen elkarlanaren ondorioz, Parketarrak izeneko egitasmoa Donostiako hamasei auzotan antolatuko da martxoan. Lehen saioak martxoaren 7an hasiko dira Morlansen, Txomin-enean, Añorgan eta Altzan. Hortik aurrera, martxoaren 25era arte, hiriko auzoetako hainbat parke eta plazetan euskaraz jolasean aritzeko aukera eskainiko da doan.

Parketarrak ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago:
  • Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien familientzat
  • Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat

Pasa den urteko saioen balorazioa ona izan da


2021ean antolatutako saioek harrera ona izan zuten: 1740 haurrek eta 343 gurasok parte hartu zuten. Guztira, 296 saio antolatu ziren. Pasa den urteko saioetan parte hartu zuten gurasoek oso ondo balioetsi dute ekimena. Kalean eta parkean jolasteko ohiturari eustea garrantzitsua iruditzen zaie eta beste jolas batzuetan aritzeko aukera izatea ere bai: flopi-flopi, Krokodrilo jauna, lau izkinak, baloi eseria eta abar. Gainera, kalean euskaraz jolasteko ohitura sustatzearen aldekoak dira.

Aurtengo egitasmoa


Aurten, egitasmoa 16 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin Enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans eta Ibaeta. Donostiako auzo gehienetan Euskara Batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako Parketarrak ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/03/07-an argitaratua