Donostiak Gernikako Arbolaren kimu berri bat dauka

Gaur eguerdian landatu da Araba parkean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Gernikako Arbolaren kimu berri bat landatu du hirian, Araba parkean egin den zeremonian.

Eguerdiko 12:00etan egin den ekitaldian, Eneko Goia alkatea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gobernantza diputatua, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta udal taldeetako ordezkariak izan dira.

Gernikako Arbola Donostian

Udalak eskaera bat egin zien Bizkaiko Batzar Nagusiei, Arbola zaintzeko eta zabaltzeko ardura dutenak, 1906ko uztailaren 8an garai hartan Urumea pasealekuan Euskal Jaiak zirela landatu zen kimua berreskuratzeko. Garai berean pasealekuak Gernikako Arbola izena hartu zuen. Kimu hura, 10 urte geroago hil zena, gaur egungo Araba parkean kokatu zen, pasealekuaren amaieran, eta han landatu da berriro.

Euskal herriaren ikurra

Gernikako Arbola euskaldunen sinbolorik unibertsalena da. Bizkaiko Jaurerriko lehen Batzarrak hartzen zituen haritza, denborarekin, herri baten eta erakunde batzuen iraupenaren sinbolo bihurtu zen, euskaldunek kolektibitate gisa ezagutu dituzten gorabehera historikoen aurrean.

2022/03/05-an argitaratua