Udalak martxan jarri ditu langabetuak kontratatzeko enpresentzako laguntzak

11.000€ arte irits daitezkeen dirulaguntzei esker, gehienez ere 76 donostiar langabeturen kontratazioa bultzatuko da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Lanbideren Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen Planaren esparruan, Donostiako Udala, Donostia Sustapenaren bitartez, 1.210.544 € bideratzen hasi da, langabezian dauden hainbat donostiar aldi baterako edo mugarik gabe kontratatzeko.

Planaren helburua hiriko langabeen lan aukerak hobetzea da, batez ere zailtasun gehien dituzten pertsonak kontuan hartuta:
  • 35 urtetik beherakoak
  • 55 urtetik gorakoak
  • Emakumeak
  • Iraupen luzeko langabeak (DSBE/BGDS dirulaguntzen titularrak edo onuradunak direnak)

"Kontrataziorako laguntzak" dagoeneko aktibatuta daude; enpresentzako laguntzak dira eta 547.686,31 euroko aurrekontua dute. Horrela, 76 langabeturi kontratu mugagabea edo aldi baterakoa egin izango zaie.

35 urtetik beherako, 55 urtetik gorako edota iraupen luzeko langabeak (DSBE/BGDS jasotzen dutenak) kontratatzen dituzten enpresa eskatzaileek 10.000 euro arteko laguntzak jasoko dituzte lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, eta 5.000 euro artekoak lanaldi erdiko kontratu bakoitzeko. Kolektibo horietakoak ez diren pertsonak kontratatzen badira, enpresek 8.000 euro arteko laguntza jasoko dute lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, eta 4.000 euro artean lanaldi erdiko kontratu bakoitzeko. Laguntza guztiak % 10 igoko dira, kontratatzen den pertsona emakumezkoa izanez gero.

Informazio guztia eskuragarri dago jada Lanbideren web-orrian eta www.fomentosansebastian.eus gunean

Laguntzak ikusi

2024/11/28-an argitaratua