Emakumeen Etxeko 2026ko ikastaro eta jardueren programan izen-emateko epea irekitzear da

Urtarrilaren 14tik 27ra egongo da zabalik izen-ematea; prestakuntza feministako tailerrak, talde irekiak eta doako zerbitzu ugari eskainiko dira, besteak beste

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Gabonetako etenaldiaren ondoren, Donostiako Emakumeen Etxeak berriro ireki ditu ateak 10:00etatik 14:00etara (ohiko ordutegia hilaren 12an abiatuko da, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 21:00etara), eta prest dago 2026ko lehen seihilekoko ikastaro, jarduera zein zerbitzuen programa. Jarduera guztiak doakoak dira, eta parte hartzeko baldintza zein ezaugarri guztiak programaren dokumentuan kontsulta daitezke. Pertsona bakoitzak gehienez hiru ikastarotan eman ahal izango du izena.

Formakuntzarako blokeak


Gai zehatzak lantzeko prestakuntza trinkoak dira, diskurtso kritikoa sortzeko eta ahalduntze feminista kolektiboa indartzeko helburuarekin. Aurten, besteak beste, honako ikastaroak eskainiko dira:
  • Sorginak
  • Fantasiak, desirak bizitzeko beste modu bat
  • XXI. mendeko hermafroditak. Intersex emakumeen bizitza-kontuak
  • Emakume filosofo errepublikarrak etxe bila erbestean
  • Autodefentsa feminista

Ikastarook euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira, eta saio kopurua eta egutegia ikastaro bakoitzaren arabera aldatzen dira.
Izen-ematea urtarrilaren 14tik 27ra egingo da, internet bidez, Donostiako Emakumeen Etxearen edo Udalaren berdintasun atarien bidez. Gutxieneko parte-hartzera iristen ez diren ikastaroetan, epea ikastaroa hasi arte luzatuko da. Laguntza behar dutenek Emakumeen Etxean bertan erabil dezakete ordenagailu zerbitzua.

Halaber, rap feministako tailer teoriko-praktikoa egingo da otsailaren 17an, Emakumeen Etxean, 18:00etatik 20:00etara, gaztelaniaz. Ikastaroko formatzailea Jesica ‘Jeka’ González izango da: kultura-sustatzailea, arteterapeuta, idazlea, rapera eta diseinatzaile grafikoa. Cordobako (Argentina) Mujeres Activando kooperatiba feministako burua da. Parte hartzaileek beren pentsamenduak, emozioak eta bizipenak rap letretan islatzen ikasiko dute.


Elkarguneak


Ikasturte osoan zehar martxan dauden talde irekiak dira, parte-hartzaile berriak hartzen dituztenak. Parte hartu nahi izanez gero, Emakumeen Etxearekin harremanetan jartzea besterik ez da behar. Besteak beste, honako elkarguneak daude:
  • Neska gazteentzako jabekuntza gunea
  • Etxeko langileen taldea
  • Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeak
  • Jatorri askotariko emakumeentzako kulturarteko gunea
  • Desgaitasuna duten emakumeen ahalduntze taldea
  • Taldeko laguntza psikologikoa

Matraka guneak


Irailetik udara arteko iraupena duten talde egonkorrak dira, lanketa feminista sakona eta Etxetik kanpoko proiekzioa dutenak. 2026an talde hauek beteta daude, eta izen-ematea 2026ko irailean irekiko da berriro. Hala ere, urtarrilean toki libreren bat sortuz gero, Etxetik jakinaraziko da.

Doako zerbitzuak


Emakumeen Etxeak, halaber, doako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu urte osoan zehar: informazio eta harrera zerbitzua, lege aholkularitza, laguntza psikologikoa, sexualitateari buruzko aholkularitza, etxeko langileentzako aholkularitza eta ordenagailu eta internet zerbitzua, besteak beste.

Animatu eta hurbil zaitez Donostiako Emakumeen Etxera. Ez geratu izenik eman gabe!

Erlazionatutako dokumentuak

2026/01/07-an argitaratua