Donostiako ikastetxeetara bisita haien errealitatea ezagutzeko
Hezkuntza programei buruzko informazioa eskeini da
Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotzi eta Hezkuntzako arduradun Iñigo Garcíak Donostiako hamaika ikastetxe bisitatu ditu azken hilabeteetan —sare publikokoak batzuk eta zentro itunduak besteak— ikastetxe horien eguneroko errealitatea eta dauzkaten arazoak zuzenean ezagutzeko helburuarekin.
Ikastetxeen funtzionamendua eta lan egiteko metodologia ezagutzeaz gain, ikastetxeetako instalazioak eta azpiegiturak ere ikustatu ditu, bakoitzak bere berezitasunak baititu.
Hezkuntza programak
Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko Zuzendaritzak eskaintzen dituen hezkuntza-programen inguruko informazioa eskaini die Garcíak ikastetxeetako orientatzaile eta zuzendariei. Zehazki,
Hezkuntza Atalak hainbat programa eskaintzen ditu
berdintasunaren eta indarkeria matxistaren prebentzioaren inguruan, ikastetxeetan hezkuntzan dauden premien inguruko aurreko kontsultaren emaitzari esker prestatu den eskaintza hain zuzen ere.
Ikastetxeek gizarte-eraldaketarako duten garrantzia azpimarratu nahi izan da, baita baliozko lankidetzarako
komunikazio bideak ireki ere.
Iñigo Garcíak adierazi duenez,
'Hezkuntza, Eusko Jaurlaritzaren eskumena izan arren, tokian bertan eta ikastetxeetako arduradunekin batera ikusi nahi izan dugu zer premia dauzkaten, nola lagun diezaiekegun, era horretan, Udalaren eta zentro horien arteko beharrezko lankidetza indartzeko'.
Bisitatutako ikastetxeak
Kasu guztietan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan egin dira bisitak; ikastetxe batzuk sare publikokoak dira eta beste batzuk zentro itunduak:
- Amassorrain Ikastola
- Hegoa Intxaurrondo
- Katalina Erauso
- Mendiola
- Lauhaizeta Ikastola
- Axular Lizeoa
- Kristau Eskola
- Larramendi Ikastetxea
- Jesuitak Donostia
- Mundaiz Ikastetxea
- La Asunción Ikastetxea
2025/03/19-an argitaratua