San Martin kalea guztiz itxiko da 2020ko uztailean eta urtebete iraungo du

Otsailetik aurrera ezingo da ibilgailu pribatuan ibili

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraioetako departamentuak plangintza egin du Artzai Onaren parean San Martin kalearen itxierak sortuko dituen eraginei aurre egiteko. Gogoan izan, kalearen zati hori itxiko dela Topoaren igarobidearen lanak egiteko.  

Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak plangintza aurkeztu du Gune Publikoen batzordean eta honakoa azpimarratu du: "Itxierak hiru fase izango ditu. Eta horretarako hainbat alternatiba aurreikusi ditugu, bai garraio publikoarentzat eta larrialdietarako ibilgailuentzat, bai ibilgailu pribatuentzat. Hala ere, gomendatzen dugu ibilgailu pribatua ez hartzea eta garraio publikoa erabiltzea".

Lehen fasea


Duela aste batzuk Mugikortasun departamentua lehen faseari dagozkion neurriak hartzen ari da. Hortaz, 2020ko urtarrilaren 31 artea, San Martin kaleak bide bat gutxiago izango du eta trafiko mota guztiari irekita egongo da, hau da, ibilgailu pribatu zein garraio publikoa eta larrialdietarako ibilgailuak bertatik igaro daitezke.

Halaber, Easo kalea baino lehen ezkerreko bidetik doazen ibilgailuek kale horretara biratu beharko dute, eta Urbieta eta San Martin kaleen arteko biraketa debekatu da, oinezkoen pasabidearen segurtasuna bermatzeko.

Era berean, abenduaren 21etik urtarrilaren 6a arte, San Martin eta Easo kaleko lanak geldituko dira bertako saltokien Gabonetako kanpainak ahalik eta eragin txikiena izateko.

Bigarren fasea


Otsailaren 1etik aurrera bigarren faseari ekingo zaio. Eta fase honek uztailaren 15 arte iraungo du. Epe horretan, San Martin kaleak bide bakarra izango du Urbieta eta Hondarribia kaleen artean, eta bakarrik garraio publikoak, larrialdietarako ibilgailuek, taxiek eta motorrek erabili ahal izango dute.

Fase honetarako, Mugikortasun departamentuak segidako gomendioak egiten ditu: Antiguo-Amara bidea erabiltzea, edo Mendebaldetik Ekialdera joateko saihesbidea erabiltzea. Era berean, erdialdetik ibiliko diren ibilgailuek, Urbieta kalera biratu beharko dute, hortik Parke kalera joateko, eta bertatik Gernikako Arbolaren pasealekuan sartu ahal izango dira.

Egun, Parke kalearen eta Gernikako Arbolaren arteko biroa ezin da egin. Hortaz, Mundaizeko zubia ezingo da erabili Parke kalera eta Mendeurrenaren plazara sartzeko, izan ere, Parke kalearen eta Gernikako Arbolaren arteko biroa egin ahal izateko, ibilgailuek ezingo dute zuzen jarraitu eta Gernikako Arbola pasealekura biratu beharko dute. Hortaz, bertan dagoen oinezkoen pasabidea kenduko da trafikoa arintzeko.

Bigarren fasean, halaber, San Martin kaleko Artzai Onaren Dbus eta Lurraldebuseko geltokiak aurrerago jarriko dira.

Hirugarren fasea


Hirugarren fasean - uztailaren 15etik 2021eko uztaila arte - San Martin kalea guztiz itxiko da Urbieta eta Hondarribia kaleen artean. Epe honetan, ibilgailu pribatuentzako eraginak aurreko fasearen berberak izango dira, eta aldiz, garraio publikoa eta larrialdietarako ibilgailuak Easo kaletik joango dira Askatasunaren Hiribideraino. Eta Askatasunaren Hiribidean izango dituzte San Martin kalean kenduko diren geltokiak.

Oinezkoak


Lanak iraun bitartean, oinezkoen zirkulazioak eragin txikiak izango ditu. Hala ere, San Martin kalean Loiola kaleko oinezkoen pasabidea laster kenduko da, eta ondorioz, oinezkoek San Martin kaleko arkupetatik joan beharko dute Urbieta edo Hondarribia kaleak arte errepidea gurutzatzeko.

Gainera, bigarren eta hirugarren fasean, Artzai Onaren espaloian eragina izango dute lanek. Dena den, Oinezkoak Katedralaren aurretik ibili ahal izango dira, eta Katedralaren sarrera bermatuta egongo da.

Erlazionatutako dokumentuak

2019/11/18-an argitaratua