2026-2027 urteetarako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua martxoaren 10ean hasiko da
3 milioi euro bideratuko dira
Donostiako Udalak 2026-2027 urteetarako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua onartu du. Prozesu horretara 3 milioi euro bideratuko dira (1,5 milioi ekitaldi bakoitzeko), gehi Ekialdeko Barrutiak barruti horretako proiektuetarako bideratzen duen zenbatekoa (bere aurrekontu osoaren % 50).
Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez,
"prozesu horri esker, donostiarrek hiriaren eta auzoen premiei buruz hausnartu ahal izango dute, eta hobekuntzak proposatu ahal izango dituzte hainbat eremutan, ingurunean eragin positiboa sortuz".
Proposamenak jasotzeko lehen fasea datorren
astelehenean, martxoaren 10ean, hasi eta apirilaren 6an amaituko da. Epe horretan, donostian erroldatutako pertsonek, hiriarekin lotura duten 16 urtetik gorako pertsonek (egoiliarra, jabetzaren bat izateagatik, lanagatik, aisialdiagatik, ikasleagatik) edo udal-erregistroan inskribatutako elkarteek
modu telematikoan edo presentzialean (auzoetako bileretan) aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak.
Aurreko prozesuetan bezala, hiriko auzo bakoitzerako bilera irekiak egingo dira. Bilera horietan, prozesua aktibatu nahi da, bizilagunak proposamenak egitera animatuz, 2026 eta 2027. urteetarako aurrekontu-proiektuen definizioan eragiteko.
Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzi Mariaje Idoetak azaldu duenez, "
aurtengo berritasun gisa, auzoetako bilerak ez dira informatiboak soilik izango, proposamenak jasotzeko gune ere izango dira. Hau da, topaketa horietara joaten diren pertsonek bertan aurkeztu ahal izango dute beren proposamena, Herritarren Partaidetzako teknikarien laguntzarekin ".
Bilerak 18:30ean egingo dira, data hauetan:
Honako baldintza hauek bete behar dituzte aurkeztutako proposamenek:
- udal-eskumenekoak izatea,
- udal-politika orokorrarekin kontraesanean ez egotea,
- interes orokorrekoa izatea,
- inbertsioa dakarren proiektua izatea,
- dagokion urtean egikaritzeko modukoa izatea,
- hurrengo aurrekontuak ez konprometitzea,
- bideragarritasun-azterketa gainditzea,
- 400.000 euroko gehieneko inbertsioa egitea,
- aurreko partaidetza-prozesu baten emaitza ez baliogabetzea edo onartutako udal-plan baten aurka ez joatea
- eta balio demokratikoen eta giza eskubideen aurka ez jotzea.
Gainera, ez dira onartuko diruz lagundu daitezkeen proiektuak, azterlanen idazlanak, proiektuen idazlanak eta espazio publikoen egiturazko estalkiak.
Idoetak azpimarratu duenez, "
prozesu honetarako gehieneko inbertsioa 300.000 eurotik 400.000 eurora igo da, proiektu handiagoak sartzen laguntzeko".
Prozesu horren beste berrikuntzetako bat Igeldoko Toki Erakunde Txikiari buruzkoa da. Erakunde horrek partaidetzazko aurrekontuen prozesu propioa garatuko du bere lurralde-eremuan, aurrekontu propio batekin, baina hiriko proposamenak egin eta bozkatu ahal izango dituzte.
Ondorengo faseetan, proposamenak jasotzeko fasea amaitutakoan martxan jarriko direnak, Udalak proposamen horiek aztertu egingo ditu, eta ezarritako irizpideak betetzen badituzte, donostiarrek
urriaren 13tik aurrera eman ahal izango dute horien gaineko botoa. Boto horiekin, herritarrek hurrengo bi urteetako aurrekontuetan sartuko diren proposamenak lehenetsiko dituzte.
Prozesuaren faseak
- Herritarren proposamenak (martxoaren 10etik apirilaren 6ra)
- Proposamenak aztertzea (apiriletik irailera)
- Proposamenak argitaratzea (irailaren 29tik urriaren 5era)
- Proposamenen bozketa (urriaren 13tik 26ra)
- Boto gehien jaso dituzten proposamenak argitaratzea (urriaren 27tik aurrera)
2025/03/04-an argitaratua