DIPCk egoitza handitzeko proiektua aurkeztu du

15 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da orotara 6.800 metro koadroko azalera izango duen eraikin berria egiteko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Donostia International Physics Center (DIPC) bikaintasuneko ikerketa-zentroa handitzeko eraikin berria egiteko proiektua aurkeztu du gaur goizean, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanorekin, Donostiako alkate Eneko Goiarekin eta DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikerekin batera. 6.800 metro koadro inguruko eraikina da eta 2025ean bukatzea espero da. Hainbat laborategi, bulego eta erabilera komuneko gune hartuko ditu, baita ekitaldi eta biltzar zientifikoetarako auditorium bat ere. Lanen lizitazioa zehazteko zain, aurreikusitako inbertsioa 15 milioi euro ingurukoa izango da, Hezkuntza Sailak finantzatuta. Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan garatuko da proiektua.

Nafarroako Vaillo+Irigaray Architects arkitektura-estudioak aurkeztutakoa izan da proiektuen artean irabazlea. Estudio hori arduratuko da DIPCren eraikin berriari forma emateaz, egungo multzoa antolatzeaz eta zentroari eraikin enblematiko bat emateaz, DIPCren irudia fisikaren abangoardiako ikerketa-zentro gisa indartzeko.

Donostiako alkate Eneko Goiak gogorarazi duenez “Donostia Zientzia eta Ezagutzaren hiria da, eta gaur aurkezten dugun eraikin berri hau da horren erakusgarririk onena”. Goiak azpimarratu du DIPC dela hiriak ikerketa zientifikoan erreferentzia-polo bihurtzeko egiten ari den apustuaren “ikur nagusia”, eta, beraz, uste du zentro hau handitzea dela “eman daitekeen albisterik onena, proiektu bat sendotzea eta datozen urteetarako indartzea esan nahi duelako". Goiak azpimarratu duenez, erakundeek lagundu eta baldintzak sortu behar dituzte jarduera zientifikoa egiten duten eragileek beren lana erraztasun eta eraginkortasunik handienarekin burutu dezaten. Hala, gogorarazi du Donostia bigarren Talent House eraikitzen ari dela, kualifikazio handiko zientzialari eta profesionalentzako egoitza bat, “zeinaren erabiltzaileak, hain zuzen ere, DIPCn karrera egitera datozen pertsonen gisak diren”.

Eraikin berriaren ezaugarriak

Eraikina gaur egun aparkaleku gisa okupatuta dagoen lursailean kokatuko da, DIPCren konplexuaren barruan, eta 6.800 metro koadro eraiki izango ditu, sei solairutan banatuta. Horietan barne hartuko dira, besteak beste, eskakizun esperimental zorrotzenei erantzuteko ezaugarri tekniko aurreratuak izango dituzten laborategiak, bulegoak eta erabilera komuneko eremuak, kongresu zientifikoak eta ekitaldi publikoak hartzeko auditorium batez gainera.

Erlazionatutako dokumentuak

2023/01/27-an argitaratua