TAO Loiola eta Melodi: maiatzaren 1etik aurrera

Bizilagunek dagoeneko Bertakoen baimena eska dezakete

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak abian jarri du Loiolako sektore berriko (5.3) eta Aiete auzoko Melodi inguruko aparkaleku arautuen Bertakoentzako baimenak eskatzeko tramitazioa. Araudia betetzearen kontrola maiatzaren 1etik aurrera hasiko da.

Datozen asteetan, eremu horietako bizilagunak erregulazio berriari eta baimenak eskatzeko prozesuari buruzko informazio guztia jasotzen hasiko dira beren etxeetan.


5.3 sektorea - Loiola


Loiola auzoa hiriko 5.3 Sektorea izatera pasako da. Sektore horrek 875 plaza izango ditu, horietatik 137 bertakoentzat bakarrik, gune hauetan: Ariztigaña kalea, Atarieder plaza, Batxillardegi taldea, Hernio Mendiko kalea, Hipika bidea, Matxiñene, Urbasa Mendilerroa, Urbia eta Zubiondo bideak.
  • Errotazio mistoko 667 plaza (bertakoek ere aparkatu ahal izango dute)
  • Errotazio hutseko 16 plaza (15`) ere egongo dira. Plaza horietan dagokion tiketa ordaindu beharko da.

Plaza gehienek:
  • 180 minutuko aparkaldia izango dute gehienez (gune berdea),
  • Aralar Mendilerrokoek izan ezik, 90 minutuko gehieneko denbora izango baitute (gune gorri eta komertziala),
  • Saihesbideko taulen azpiko aparkalekukoek gehienez 540 minutuko iraupena izango dute.

Plaza horiez gain, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat legez ezarritako plazak, motorrentzako plazak eta zamalanetarako plazak egongo dira.

Loiolako TAOren mapa PDF formatuan

TAO Melodi


Loiolan TAO gune berria sortzeaz gain, ordenantza berria izapidetzearekin batera, Melodi kalearen inguruko hainbat bide arautu dira:
  • Lazkano pasealekua eta Jose Olaizola kalea San Roke 1.4 aparkalekuen sektorean sartuko dira, eta 87 plaza berri gehituko zaizkio
  • Melodi kalea eta Sanserreka eta Pio Baroja pasealekuak, berriz, 4.1 Antiguo sektorean sartuko dira. Melodi kaleak 77 plaza izango ditu bertakoentzat eta Sanserreka Pasealekuak 14, Pio Barojak 19.
  • Bertakoentzako 37 plaza berri arautzeko aprobetxatu da Aizkorri eta Manuel V. Montalban kaleetan.

Melodiko TAO mapa PDF formatuan

Baimen eskaera


Herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko administrazioa digitalizatzeko bidean, Udalak bertakoen baimen eskaerak kudeatzeko sistema telematikoa bultzatu nahi du.
  • Hori dela eta, herritarrei gomendatzen zaie www.donostia.eus/tramiteak web orriaren bidez izapidetzea (beharrezkoa izango da BakQ ziurtagiri elektronikoa, Udalinfoko bulegoetan eska daitekeena)

  • Presentzialki ere egin ahal izango da eskaera, aldez aurretik hitzordua eskatuta, hiriko Udalinfoko edozein bulegotan (Easo, Arroka, Morlans edo Altza).

Baldintzak


TAO zona berriak tarifa arautua duten gainerako eremuen parametro berak izango ditu, eta baimena lortzeko hiriko gainerako eremuetako baldintza berberak bete beharko dira.
Loiolaren kasuan, orain arte saihesbideko taulen azpian aparkatzeko baimen berezia zuten bizilagunek (zeharbidea bulebarizatzeko obren iraupenerako ezarria) baimen berria ere eskatu beharko dute, betiere aurreko baldintzak betez; izan ere, adierazitako baimenak indarra galduko du, erregulazio berriaren kontrola hasten denean.

Ez da txartelik erabili beharko


Aldaketa horiek egiteko ordenantza aldatu zenetik, txartel fisikoa baztertu egin da, baimendutako bertakoen ibilgailuen identifikazio gisa, aparkalekua kontrolatzeko sistema berriek baieztapenak telematikoki egiteko aukera ematen baitute.
Aldaketa horrek ez dio Loiolako sektore berriari bakarrik eragiten, hiri osoari aplikatuko baitzaio. Beraz, une honetatik aurrera ez da bereizgarririk beharko, eta, horrela, eskaera berrietarako eta hemendik aurrera egiten diren bajetarako izapideak arinduko dira, ez baita beharrezkoa izango txartela jasotzea edo itzultzea.

2023/03/28-an argitaratua