Martxoaren 8aren bueltan jarduera ugari antolatu dituzte elkarteek eta udal zerbitzuek

“Emakumeak Blai” ikus-entzunezkoa eta mahai-ingurua izango dugu martxoaren 6an Donostiako Emakumen Etxean

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Aurten, udal Berdintasun sailak, emakumeen nazioarteko egunaren bueltan, emakumeentzat hain garrantzitsuak diren “jabetze prozesuei” egin nahi die keinua. Hain zuzen ere, urak, itsasoak duen garrantzia emakumeen bizitza eta beraien gorputzen jabetze prozesuetan islatu nahi da.

Jabetze prozesuak hainbat gaietan eman behar dira. Aurten Emakumeak blai aintzat hartuta uraren bidez lantzen diren hainbat jabekuntza prozesu ezagutuko ditugu.

“Emakumeak Blai” ikus-entzunezkoa eta mahai-ingurua euskal emakumeek XX. mende amaieran itsasoarekin zuten harremana erakusten duen filma da. Ahaztutako artxibo zinematografiko eta argazki anitz berreskuratu eta balioan jartzen ditu eta orain arte protagonismorik izan ez duten emakumeen testigantzak biltzen ditu. Horrez gain, egileak, Ane Zulaikak, bere lanaren zergatia eta handik ateratako ideiak azalduko dizkigu. Ondoren mahai-ingurua Anek berak gidatuta: Emakumeak Surflari, Donostia Arraun Lagunak eta Loreak emakume taldeko emakumeak ezagutuko ditugu, beraien ibilbideak, beharrak, nahiak eta lorpenak mahaigaineratzea da asmoa.


Askotariko jarduerak


Ekintza honez gain, hirian egingo diren beste ekintzak biltzen dituen egitarau bat jaso dugu. Hala nola, filmak, parkour saioa, autodefentsa feminista tailerrak, hiriko “Haurtxoko eta Gazteleku” sareko ekitaldiak, etab. izango ditugu.

Emakumeen elkarteek eta mugimendu feministako elkarteek, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak, Donostiako Haurtxokoek eta Gaztelekuek, eta Donostia Kulturak antolatutako jarduera guztiak Berdintasun Saileko Webgunean aurkitu daiteken eskuorri batean bildu dira.


Manifestazioa Antiguoko tuneletik


Denon Bizitzak Erdigunean jarrita, Donostiako Asanblada Feministak deitutako martxoak 8-ko mobilizazioa Antiguoko tuneletik aterako da 18:30ean. 17:30ean Emakumeen Etxeko Blokearekin bat egin dezakezu elkarrekin joateko.


Erlazionatutako dokumentuak

2023/03/02-an argitaratua