Arrats Elkarteak eta Caritasek dirulaguntzak jasoko dituzte 'Urratsak Bidean' proiekturako
Gobernu Batzarrak onartuak: Hipodromoaren emakida, Urgull, hondakinak, gune berdeak, haur parkeak
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Arrats Elkarteari eta Caritasi dirulaguntza zuzenak ematea, konfinamenduan zehar, Donostiako Udalak bideratutako aldi baterako aterpetxeetan artatutako pertsonen gizarteratze soziokomunitarioa xede duten jarduerak ordaintzeko. Dirulaguntza hauek 'Urratsak Bidean' programaren barne kokatzen dira.
Hala, irabazi asmorik gabeko Arrats elkarteak 400.000 euro jasoko ditu, eta Caritasek 230.685 euro. Bi diru-kopuruak 2022ko ekitaldiko aurrekontuari dagozkio. Urte horretan 42 lagunek hartu zuten parte proiektuan Caritasen bitartez, eta 31k Arratsen bidez.
2020ko martxoan dekretatutako alarma egoeran, bizitegi-bazterketa egoeran zeuden pertsonen harrera-baliabideen beharrari erantzuteko, Donostiako Udalak ezohiko plazak gaitu zituen hainbat baliabidetan. Alarma-egoera amaitu ondoren, baliabide horietan hartutako pertsonek hilabete haietan hasitako gizarteratze-prozesuarekin jarraitu behar zutela erabaki zen. Eta, horretarako, “Lehen Urratsa” proiektua abiarazi zen.
Caritasek eta Arratsek 'Lehen Urratsa' programan parte hartu dute 2020ko uztailetik, eta Donostiako Udalak alarma-egoeran gaitutako baliabideetatik datozen pertsonei arreta eta gizarte-laguntza eskaini dizkiete.
Programak emaitza onak lortu zituen. Hala ere, kontuan hartuta 2022ko urtarrilean pertsona onuradunek zailtasun handiak zituztela ostatua eta gizarte-laguntza aurkitzeko, Arratsek eta Caritasek “Urratsak Bidean” programa ezartzea erabaki zuten, pertsona horiekin lanean jarraitzeko. Izan ere, hala egin ezean, pertsona horiek bizitegi-bazterketa larriko egoera batera itzuli beharko zuten, eta gizarteratzeko prozesua eten egingo zen.
Hipodromoaren emakida
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Administrazio Baldintza Partikularren Plegua, prozedura irekiaren bidez esleitzeko Donostiako Hipodromoa era pribatiboan erabiltzeko emakida administratiboa.
Instalazioa zaldiak ukuiluratzeko eta entrenatzeko, zaldi lasterketak antolatzeko, joko-jardueretarako eta ostalaritza-jardueretarako erabiliko da. Halaber, Udalak konpromisoa hartzen du 438.000 euro jarriko dituela, gehienez ere, instalazioak egokitzeko, eta geihenez 800.000 euro udako zaldi lasterketak antolatzeko. Guztira, 1.238.000 euro. Emakida 3 urterako ematen da, formalizatzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe horren muga-eguna iritsitakoan, bi aldeak ados jartzen badira, epea luzatu ahal izango da, gehienez ere bi urtez.
Urgull mendira sarbidea
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Urgull mendiko sarbideetako ateak irekitzeko eta ixteko urruneko kontrolaren segurtasun proiektua. Vecs Ingeniería, Servicios y Aplicaciones Eléctricas S.L. enpresak idatzi du proiektua. Aurrekontua 117.483 eurokoa da, eta exekuzio epea 8 hilabetekoa.
Gaur egun, Urgull mendira sartzeko ateak ez daude ez monitorizatuta ez motorizatua, eta Udaltzaingoa behartuta dago bertara joatera, irekitzeko, ixteko, eta norbait barruan gelditu bada bertatik ateratzen laguntzeko. Bost sarbide-ateak motorizatzeko sistema bat ezarriz, urruneko kontrol bidez manipulatu ahal izango dira.
Hondakinen bilketa eta garraioa
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako hirian “Hiri Hondakin Solidoak eta antzekoak bildu eta garraiatzeko zerbitzua” xede duen kontratazio espedientea. Lizitazio aurrekontua 7.998.478 eurokoa da, eta exekuzio epea 10 urtekoa.
Gune berdeen mantentzea
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako gune berdeen, parkeen, lorategien eta zuhaitzen mantentzerako zerbitzu kontratua xede duen kontratazio espedientea. Lizitazioaren urteko aurrekontu osoa 6.427.681 eurokoa da, eta kontratuaren gauzatze epea 3 urtetakoa.
Haur Parkeen segurtasun zoladurak
Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du honako parke hauetan segurtasun zoladurak berritzeko obren obren proiektua: Zuberoa Plaza, Lugaritz-Iza Parkea, Harria Parkea (txikien gunea), Aita Meagher Plaza, Sagues eta Txofre Plaza. Lizitazio aurrekontua 97.172 eurokoa da, eta exekuzio epea 6 hilabetekoa.
Erlazionatutako dokumentuak
2022/12/27-an argitaratua