Donostian izango dira, aurten ere, Olentzero eta Mari Domingi datorren abenduaren 24an

Auzoak bisitatu ondoren, haurrek gutunak eman ahal izango dizkiete, hilaren 24an, 15:30etik aurrera Udaletxeko Udalbatza Aretoan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Abenduaren 24an Donostian izango dira, aurten ere, Olentzero eta Mari Domingi.

Aurten eguerdiko 12:00etan iritsiko dira Konstituzio plazara eta, haurrak agurtu ondoren, hiriko kaleetatik ibilaldia egingo dute.

Azken urteetan ezarri den ohiturari jarraituz, Olentzerok eta Mari Domingik 6 urtetik aurrera duten donostiar guztiei autoaren ibilbidea bizikletan jarraitzeko gonbitea luzatu nahi diete.

Ibilbidea honakoa izango da: Konstituzio plaza, Portua, Nagusi, Hernani, Askatasunaren hiribidea, Urbieta, Mendeurrenaren plaza, Sancho el Sabio, Pio XII, Madrid, Aita Donostia plaza, Zorroaga, Loiola Zeharbidea, Antzieta Pasealekua, Kristobaldegi, Arteleku plaza, Felisa Martin Bravo, Concha Chaos, Antzieta Pasealekua, Sierra de Aralar, Urbia, Loiola Zeharbidea, Zorroaga pas.,Toribio Alzaga, Irun plaza, Felipe IV, Eustasio Amilibia, Madril hiribidea, Zuaznabar, Bizkaia pas., Gernikako arbola, Foruak, Argentinar errepublika, Erregina Erregeorde, Boulevard, Hernani, Alderdieder.

Ibilbide osoan Galtzagorri talde baten laguntza izango dute eta era berean, arratsaldeko desfilean lagunduko dieten egurgile batzuk ere aldamenean izango dira. Olentzerok eta Mari Domingik autoa laguntzera animatzen diren pertsonei eskatu nahi diete, ahal izanez gero, baserritar jantziarekin eta, nahi izanez gero, gabonak gogora ekartzen dituen osagarriren batekin egiteko.

Aurreikusita dago Olentzero, Mari Domingi eta segizio guztia Udaletxera 13:15ak aldera iristea eta Udaletxeko terrazatik eta balkoitik bertaratzen diren pertsona guztiak agurtzea.

Aurten, ibilbidea amaitzean, parte-hartzaileei salda edota txokolate beroa emango zaie.

Gutuna emateko aukera

Arratsaldean, 15:30etik aurrera, umeen gutunak jasoko dituzte Udaletxeko Udalbatza Aretoan. Bertan egongo dira 17:30ak arte. Udaletxeko sarbidean dagokion ilara ezarriko da Alderdi Ederreko terrazatik, eta sartzeko lerroa 17:10ean itxiko da.

Gutunak edo marrazkiak oraindik egin ez dituzten haurrek Udaletxeko terrazan prestatu ahal izango dituzte. Halaber, baserritarrez jantzita badoaz, Gero Axularreko kideen laguntza izango dute zapia, abarkak edo gerrikoa ezin hobeto jarrita eramateko. Gainera, Olentzerok eta Mari Domingik gozokiak edota ikatza emango dizkiete gutunak ematera hurbiltzen diren haurrei.

Ezintasun funtzionalen bat duten umeak Ijentea kaleko atetik sartu ahal izango dira Udalbatza aretora, heldu batek lagunduta. Aurreko urteetan bezala, Olentzerok eta Mari Domingik zeinu interprete baten laguntza izango dute entzumen-urritasunak dituzten pertsonei euren nahiak helarazi eta beraiekin askatasunez komunikatzeko.

Desfilea

Ohiko desfileari 18:00etan emango zaio hasiera Ijentean, eta honako ibilbide hau egingo du: Hernani, Askatasunaren Hiribidea, Loiola, San Martzial, Getaria, Txurruka, Gipuzkoa Plaza, Elkano eta Boulevard.

Aurtengo desfilea ere pertsonaia mitologikoz eta Gabonetako elementuz beteta egongo da. Besteak beste, lamiak, Mari, Tartalo, Otsoko eta Sorgina izango dira Olentzero eta Mari Domingiren laguntzaileak.

Guztira 500 bat lagunek desfilatuko dute eta 1.000 kg gozoki baino gehiago jaurtiko dituzte, zeliakoentzat egokiak.

Olentzero eta Mari Domingi auzoetan

Gainera, abenduaren 22tik aurrera, Olentzero eta Mari Domingik hainbat auzo bisitatuko dituzte, auzo elkarte, ikastola eta kultur elkarteren eskutik.

2025/12/19-an argitaratua