Donostiako Udalak, hainbat erakunderekin koordinatuta, dispositibo berezi bat diseinatu du, Realak apirilaren 18an jokatuko duen Errege Kopako finalarekin lotutako ekitaldiez hiriak segurtasun eta normaltasunarekin goza dezan.
Horrela, hiria prestatzen ari da Alderdiederreko EITB Zaleen Gunearen (Fan Zone) inguruan giro bikaina izango duen jardunaldi bat hartzeko. Bertan, pantaila erraldoiak jarriko dira partida jarraitzeko, eta, garaipena lortuz gero, datorren astelehenean,
hilaren 20an, harrera instituzionala egingo litzateke.
Operatibo horri esker, ospakizuna eta hiriaren funtzionamendua bateragarri egingo dira,
pertsonen segurtasuna uneoro bermatuz.
Eraginak, apirilak 18
- Portuan aparkatzeko baimena duten ibilgailuek baimen berezia izango dute apirilaren 16tik 21era bitartean hiriko beste edozein TAO sektoretan aparkatzeko, sektorearen baldintza berberetan (ezingo da eremu erreserbatuetan edo TAO komertzialeko guneetan aparkatu). Aukera hori inguru horretako egoiliarren beharrei erantzuteko ematen da, ezin izango baitute ohiko espazioetan aparkatu.
- Baimen hori bera aplikatuko zaie 1-1 / 1-2 (Erdialdea) sektoreei, dispositiboak honako kale hauetan aparkatzea eragotziko baitu: Hernani kalea (osorik), Andia kalea (Hernani eta Garibai artean), Peñaflorida kalea (Hernani eta Garibai artean), Garibai - Peñaflorida elkargunea, Garibai kalea (Andia eta Peñaflorida artean), Legazpi kalea (osorik), Okendo-Bengoetxea kalea.
- Alderdiederreko emanaldiaren aurreko orduetan (18:00ak inguruan) eta ekitaldia amaitu arte, zirkulazioa murriztuko da Boulevard / Hernani inguruan, dagoen jende kopuruaren arabera. Jende asko biltzen bada, murrizketa aurreratu egin daiteke.
- Alderdieder eta Cervantes-Kontxa parkinetako sarrerak ere mugatuko dira ordu beretik aurrera edo jendetzaren arabera.
- Alderdiederreko Liburutegi Nagusia itxita egongo da atsaldez.
Balizko harrera, apirilak 20
Larrialdien kudeaketa taldeek segurtasun-dispositibo handia landu dute, aparteko gertaera hori dela eta zabalduko litzatekeena. Horrek
hiriko trafikoari eta mugikortasunari eragingo litzaieke astelehen goizeko 10:00etatik aurrera, betiere ekitaldira joango liratekeen pertsonen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.
Taldearen segizioaren ibilbidea Anoeta estadiotik abiatuko litzateke 18:00etan, eta hiriko kale garrantzitsuenetako batzuk zeharkatu ondoren iritsiko litzateke udaletxera. Ibilbide horrek eragin handia izango luke trafikoan apirilaren 20ko 10:00etatik aurrera.
Ibilbidea:
- Anoetako estadioa
- Madril hiribidea
- Pio XII
- Antso Jakituna
- Mendeurrenaren plaza
- Urbieta kalea
- Askatasunaren hiribidea
- Okendo kalea
- Boulevard
Garaipena
Realak garaipena lortuz gero:
- Igande goizetik, hilak 19, ezin izango da ibilbidean dauden kaleetan aparkatu, eta herritarrei eskatzen zaie igande gaua baino lehen atera ditzatela ibilgailuak eremu horietatik: Antso Jakitunaren hiribidea (Erdigunerantz), Urbieta kalea (San Martin kalearen eta Prim kalearen artean), Okendo kalea (Askatasunaren hiribidearen eta Bengoetxea kalearen artean), Lizarra kalea (zamalanak), Manterola kalea.
- 10:00etatik 15:00etara, ibilbidea hesitu egingo da, eta garraio publikoaren eta baimendutako ibilgailuen zirkulazioa bermatuko da (larrialdiak, zamalanak, egoiliarrak, diskrezionalak, parkinak), baina aldizkako mozketek eragin diezaiokete trafiko pribatuari. Jarduera horien ordutegiak aldatu egin daitezke eremuaren arabera.
- 15:00etatik aurrera eta autobusa udaletxera iritsi arte, zirkulazioa erabat itxiko da ibilbide horretan eta ondoko kaleetan. Pixkanaka irekiko dira segizioak aurrera egin ahala, betiere pertsonen segurtasuna bermatuz. Neurri horrek garraio publikoari, ikastetxeetarako eta gizarte-zentroetarako sarbideei, zerbitzu diskrezionalei, aparkalekuei, zamalanei edo bidegorri zati batzuei ere eragingo die.
- 15:00etatik aurrera eta ekitaldia amaitu arte, hiriko Erdigunea (Askatasunaren hiribidetik Boulevarderaino) erabat itxita egongo da trafikoarentzat, eta horrek garraio publikoari, ikastetxeetarako eta gizarte-zentroetarako sarbideei, zerbitzu diskrezionalei, aparkalekuei, zamalanei edo bidegorri zati batzuei ere eragingo die.
- Ijenteako Udalinfo bulegoa, Turismoa bulegoa eta Alderdiederreko Liburutegi Nagusia atsaldez itxita egongo dira astelehenean, apirilak 20.
Eskaera
Hori dela eta, donostiarrei eta beste herri batzuetatik etor daitezkeen pertsonei balizko ospakizunaren aurrean hurrengoa eskatzen zaie:
- beren ibilbideak aldez aurretik planifikatzea
- lehentasuna ematea oinez edo garraio publikoan garraiatzeari
- ibilgailu pribaturik ez erabiltzea
- hiriaren periferiako edukiera handiko bideak erabiltzea
Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritarrei ezohiko segurtasun-neurriak behar dituen ekitaldi horretan laguntzeagatik eta ulertzeagatik.