"Auzoko Ahotsak!" Donostiako Ekialdeko Barrutiko haurren Partaidetzarako Foroa da

Donostia Gazteriak sustatutako ekimena da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Haurrek, aurreko ikasturtean, auzoen beharrak identifikatu zituzten eta baita proposamenak luzatu. Proposamen horien guztien artean, ikasturte honetan ingurumena izan da lanketarako aukeratutako gaia.

Aurten, Altzako kasuan Altza eta Herrera Ikastetxeetako haurrek osatzen dute organoa, eta Bidebietan berriz, La Asunción, San Luis La Salle eta Mendiolakoek. Guztira LH5 eta LH6ko 26 haurrek parte hartu dute.

Altza eta Bidebietako haurrak bildu zituen saio batekin eman genion hasiera kurtsoari, Gazteria Sailaren Plan berriaren inguruko lanketa eginez. Bertan, haurren beharrak identifikatu, sailaren ekimenen berri eman eta ekimen horiek haurrekin baloratu genituen.

Ondorengo saioetan, auzo bakoitzean ingurumenari lotutako hainbat gai landu ditugu, Ingurumen Sailarekin eta Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean.

Altzan: Zergatik da garrantzitsua baratza?
Baratzaren, elikadura askotariko eta orekatuaren, eta baita bertako elikagaiak produzitu eta kontsumitzearen garrantziaz jabetu ahal izan dira. Marrus-eko baratzeak ezagutzeko aukera izan dute. Haziak, ereitea, baratzeko tresnak eta uzta ezagutu ahal izan dituzte, eta landaketan praktikatzeko aukera ere izan dute.

Bidebietan: Fruitondoak
FruitOndoan proiektuan murgildu dira haurrak (bertako fruta-arbolak hiriko hainbat espazio publikotan landatzen dituen ekimena).

Zuhaitz mota desberdinen, klimaren edota fenologiaren inguruko lanketa egin dute, eta auzoko gune batean sagarrondoen landaketa egiteaz arduratu dira. Sagarrondoek ondoren beharko duten zaintzaren inguruko ezagutza ere jaso dute, haien "zaindari" bihurtzeko asmoz.

Ondorengo bideoan, ikasturte honetan landutakoaren laburpen txiki bat aurkezten dizuegu.



Mila esker parte hartu duzuen guztioi!

2025/06/17-an argitaratua