Donostiak 2 milioi euro jasoko ditu Next Funtsetatik esperientzia enogastronomikoetarako

Proiektuak gastronomian jarriko du arreta berezia, hiriko turismo-eredu gisa

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak hiriaren gaitasuna hobetuko duten proiektu eta ekintza publiko-pribatuak bultzatzeko 2.120.000 euro jasoko ditu Next Funtsetatik, esperientzia enogastronomiko jasangarri eta berritzaileagoak eskaintze aldera.

Marisol Garmendia Donostiako Garapen Ekonomikoko zinegotziak adierazi duen bezala, "jatea eta edatea bezalako plazerak Donostiako historiaren eta kulturaren parte bananduezinak dira". Bisitatzen gaituztenek gero eta interes handiagoa dute produktuen jatorria, elaborazio prozesuak, arloko industriak eta abar ezagutzeko. Gure gastronomia- eta ardogintza-ondarearen balioa areagotzen duten esperientziak eskaintzeko aukera dugu. Jatetxe-jabeen eta ekoizleen arteko loturak finkatzea eta laguntza horien bitartez establezimenduak egokitzea da gure xedea, eskaintza hobetuz eta kontsumitzaile eta bisitariekiko harreman zuzena bultzatuz.


Eskaintza enogastronomikoa honela definitu daiteke: elikagaien lehen eta bigarren mailako ekoizleei, gastronomia-jaialdiei, jatetxeei eta leku espezifikoei bisitak egitea aurreikusten duen jarduera, non platerak dastatzea edo/eta elikagaien ekoizpenean espezializatutako eskualde baten ezaugarriekin esperimentatzea baita bidaiaren arrazoi nagusia. Turismo enogastronomikoak, beraz, produktu turistiko ugari biltzen ditu, eta horren barruan hainbat elementu erlazionatzen dira (turismoa, kultura, paisaia, natura, osasuna, gastronomia eta ardoak).

Cristina Lagé Turismo Jasangarriko zinegotziaren esanetan: "Donostiara etortzea eta gu bisitatzea erabakitzen dutenak gehien kitzikatzen dituen alderdietako bat gastronomia da, gure hiria gastronomiaren munduko lehen postuetan baitago eta abangoardiako gastronomiaren aldeko apustua egin du, betiere tradizioa eta tokiko produktuak aintzat hartuta. Arlo honetan, ekarpen zinez handia egin dezakegu".

2023/02/06-an argitaratua