Ate irekien jardunaldiak Udaletxean

Donostiako Udalbatza eta Harrera aretoak ikusi ahal izango dira, eta bisita gidatuak egingo dira urriaren 7tik 9ra

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiarrek zein bisitariek Udaletxea ezagutu ahal izango dute urriaren 7an, 8an eta 9an. Horretarako, Donostiako Udalak ate irekien hiru jardunaldi antolatu ditu. Helburua da erakundea hiritarrei hurbiltzea eta hiriko eraikin istoriko eta preziatu bat ezagutu ahal izatea.

Hala, eraikina barrutik ezagutu ahal izango dute bertara hurbiltzen diren guztiek, eta programatutako bisita gidatuak ere izango dira. Duela gutxi berritu diren Udalbatza aretoa, eskailera nagusia eta harrera gela ikusteko aukera egongo da.

Eraikina ezagutzeko, sarrera Alderdi Eder-eko eskailera eta ate nagusitik egingo da.

Horrenbestez, ostiraleko eta igandeko bisitak – urriaren 7an eta 9an – goizeko 11:30tan hasiko dira eta 14:00 arte iraungo dute eta, arratsaldean, 16:00tik 20:00ra izango dira. Larunbatean, urriaren 8an, aldiz, bisitak 16:00tik 20:00ra izango dira.

Bisita gidatuak



Bisita gidatuak honako ordutegian antolatu dira:  
  • ostiralean eta igandean 11:30etan (euskaraz), 12:30etan (gaztelaniaz), 16:00etan (euskaraz) eta 17:00etan (gaztelaniaz).
  • Larunbatean, 16:00etan (euskaraz) eta 17:00etan (gaztelaniaz).



Ate irekien jardunaldietan parte hartu nahi duten donostiar zein bisitariek Udalinfon izena eman beharko dute telefonoz edo aurrez aurre eta, bertan, zehaztu beharko dute Udaletxea bisitatu nahi duten eguna eta ordua. Talde bakoitza gehienez 25 lagunekoa izango da.

Bertan, gidek Udaletxearen historia kontatuko dute. Gainera, ate irekien jardunaldian antolatutako bisita gidatuetan, baita hortik aurrera egingo diren bisitetan ere, bisitariek liburuxka bat jasoko dute, hain zuzen ere, eraikinaren historia laburbiltzen duen liburuxka.  

2016/10/03-an argitaratua