Zaragoza Plaza Partaidetza Prozesua
Hirugarrren bilkura ekainaren 2an ospatuko da
Donostiako Udalak Partaidetza Prozesu bat jarri du martxan Zaragoza plazaren etorkizuneko diseinua lantzeko herritarrekin, merkatariekin eta beste jarduera ekonomikoak egiten dituztenekin.
Lehendabiziko bilera apirilaren 28an ospatu zen eta bigarrena maiatzaren 19an; Herritarren Partaidetza Zerbitzuak dinamizatzen ditu saio hauek eta Proiektu eta obrak eta Mugikortasun ataletako ordezkariek hartzen dute parte.
- Hirugarrren bilkura ekainaren 2an ospatuko da, 19:00etan Udaltzabarren Aretoan.
Bigarren saioan, lehenik eta behin
bileraren arrazoiak eta helburuak kokatu ziren, eta ondoren Mugikortasun Sailak plazaren inguruetarako aurrreikusten diren trafiko neurri eta ibilbideak azaldu zituen, baita beste alderdi batzuk ere, hala nola plaza ondoko Zubieta kaleko autobus-geltokia, edo Manterola kaleko zamalanetarako gunea. Aurkezpenak ikuslegoko hainbat pertsonen esku-hartzeari bide eman zion, haien iritziak eta iradokizunak adieraziz, eta, horrela, hasiera eman zitzaion iritzi trukeari.
Dinamika baten baitan, bertaratutakoak hiru taldeetan banatu ziren, eta galdera batzuen inguruan ariketa pertsonal bat egin ondoren taldean bateratze-lana egin zen
•
Zer da plaza zuretzat?
• Zer erabilera emango zenizkioke plazari eta zein ez
Plazari buruzko beste alderdi batzuk jorratzea aurreikusita zegoen, baina denborarik egon ez zenez, ekainaren 2ko hirugarren bileran aztertuko dira.
Herritarrek bileran bertan bete zituzten galdetegietan ondorengo iritzi trukean, oro har, plaza egonleku lasaia eta berdea izateko nahia nagusitu zen, itzalpekoa, zarata areagotuko duen jarduerarik gabea eta oinezkoen pasabide hutsa bihurtuko ez dena.
LEHEN BILERAN LANDUTAKO GAIAK
Lehen saioan Udalak plazaren etorkizuneko diseinurako oinarrizko irizpideak azaldu zituen:
- Plazaren iragazkortasun handiagoa bilatzea,
- Bere bilbean eta inguruko espazioekin jarraikortasuna izatea,
- Dauden saltokien balioa nabarmentzea
- kalitatezko egonaldirako espazioak izatea.
Barru Arkitektura estudioko ordezkari batek hausnarketa errazteko aldez aurretik egin duten lana azaldu zuen, parte-hartze prozesuari egindako ekarpen gisa, honako puntu hauei buruz mintzatu zen:
- Gunearen analisia eta aurreko egoera
- Antzeko espazio batzuen erreferentziak
- Espazio honetarako orientazio estrategikoa
- Proposatutako urbanizazio diseinua.
2025/04/28-an argitaratua