Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak 2022-23 ikasturterako izena emandakoen behin behineko zerrenda argitaratu du eta ekainaren 22tik aurrera plaza hutsen zerrenda argitaratuko da
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hezkuntza eskaintza zabal eta anitza du, adin guztietako pertsonentzako aukerekin. Egun, Eskolan 2481 ikasle matrikulatuta daude 29 instrumentu, 3 dantza espezialite, eta guztira 80 irakasgaitan antolatzen diren 294 talde eta banaka zein taldekako instrumentu eskoletan.
Eskolaren jarduna ez da ikasgelara mugatzen, ikasleek kontzertuak, emanaldiak eta eskolaz kanpoko beste jarduera batzuen bitartez, hiriaren kultur bizitzan parte hartzen baitute.
Horregatik, aurten, AUSARTU! lelopean herritar guztiei deialdia luzatu nahi die Eskolak, musika eta dantza gizarteratzeko eta osasun fisikoa, emozionala eta kognitiboa hobetzeko tresna apartak direla azpimarratuz.
Norberak edo inguruneak ezarritako mugak gainditu, adin, gaitasun, ezagutza maila edo generoarekiko egokitasunagatik izan daitezkeen aurreiritziak alde batera utzi eta bakoitzaren nahi eta beharretara egokitzen den irakasgaia aukeratuta, musika eta dantzarekin gozatzeko aukera bikaina zabaltzen da.
Izen ematea
Eskolaren hezkuntza eskaintza osoaren kontsulta eta izena emateko prozesua Eskolako webgunean kontsulta daiteke.
Egoera ekonomikoa musika edo dantza ikasteko eragozpena izan ez dadin, Eskolak Prezio Publikoetan Gizarte Intereseko Prezioak ditu. Maila desberdinetan, honako talde hauek gizarte intereseko prezioetarako eskubidea dute: DSBE (RGI) edo Gizarte Larrialdiko laguntza jasotzen dutenak, familia ugariak, zehaztutakoa baino diru sarrera txikiagoa duten familia unitateak, guraso bakarreko familiak eta familia bereko hainbat pertsona matrikulatuta dituzten familia unitateak.
Besteak beste, ondorengoa da Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolaren eskaintza 2022-23 ikasturterako:
Instrumentu PLUS irakasgaietan, ikasleek instrumentua eta musika hizkuntza lantzen dute instrumentu irakaslearekin, taldekako saio integratuetan. Modu honetan, ikasleek astero denbora gehiago ematen dute Eskolan instrumentua jotzen eta ikaskideekin batera egoteak, sozializatzeko, elkarrengandik ikasteko eta motibazioa mantentzeko aukerak handitzen ditu.
+65 Musika Tailerra
Ausartu! leloarekin bat eginez, Eskolak 65 urtetik gorako herritarrentzat eskaintza berezia du, musika formaziorik ez duten pertsonek musikaren bizipenak dakartzan onura emozional, fisiko eta mentalak jasotzeko aukera izan dezaten.
Musika Taldeak
Eskolak maila eta musika estilo ezberdinetako taldeak ditu, herritarren eskura. Ez da ezinbestekoa beste irakasgairik egitea Musika Eskolan taldeetan parte hartzeko; nahikoa izango da talde bakoitzean parte hartzeko maila egokia izatea.
Eskaintza hiri osoan
Atotxako egoitza nagusiko eta Dantza Eskolako eskaintzaz gain, Donostiako auzoetako egoitza guztiek 3-7 urteko ikasleei zuzendutako irakasgaiak izango dituzte, hala nola Musika eta Mugimendua eta Musika Tailerra. Horrez gain, 8 urtetik gorako ikasleentzat Musika Proiektuetako klaseak eskainiko dira Antiguako egoitzan, Txalaparta eta Dultzaina Antiguan, banakako Piano klaseak Salaberrian eta Gitarra eta Kantua Urbietako egoitzan 16 urtetik gorakoentzat.
Ekialdeko barrutiko eskaintza
Herrera, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan adin guztietarako irakasgaiak egongo dira, hala nola Musika eta Mugimendua 3 eta 5 urte bitarteko txikienentzat eta Musika Tailerra 5 eta 7 urte bitartekoentzat. 8 urtetik aurrera eta adin mugarik gabe, Altza eta Intxaurrondoko egoitzetan banakako Piano klaseak eskainiko dira.
Herrera ikastetxean, Bateria, Bombardinoa, Flauta, Panderoa, Perkusioa, Saxofoia, Trikia, Tronboia, Tronpeta, Baxu Elektrikoa, Gitarra Elektrikoa, Gitarra Klasikoa, Kontrabaxua, Biola, Biolina eta Biolontxeloko banakako eskolak eskeiniko ditu. Musika Hizkuntzako klaseak jaso eta hainbat musika taldetan parte hartzeko aukera ere izango da bertan.
Musika Gertu
Eskolaren ohiko eskaintzaz gain, Ekialdeko barrutian arte hezkuntzarako sarbidea hobetu eta musikaren bidez gizarte kohesio handiagoa eraikitzeko, Eskolak “Musika Gertu” proiektuarekin jarraituko du datorren ikasturtean. Herrera eta Altzako ikastetxeetan bertako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, eta Bideberri institutuarekin lankidetzan Ekialdeko barrutiko 12-18 urte bitarteko gazte guztientzat.
Erlazionatutako dokumentuak
2022/05/17-an argitaratua