Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostiako udaletxea ezagutu






Udaletxe baino lehen Kasino Handia


Gaur egungo Donostiako Udaletxea Kasino Handia izan zen jatorrian, Europako garrantzitsuenetakoa. Izan ere, Donostia turismo gune garrantzitsua zen, Belle Epoque garaiko ikur nagusietako bat, eta aisialdirako eskaintza zabaldu nahian, Europako udako opor guneen eraikuntzetan inspiratuta,1882. urtean kasinoa eraikitzen hasi ziren Alderdi Ederreko lorategietan.

1887ko uztailaren 1ean inauguratu zen eta goi-mailako herritarren aisiarako elkargunea bilakatu zen urte luzez; dantzak, festak eta jolas-jarduerak egiten zituzten.


  • Gaur egungo Donostiako Udaletxea Kasino Handia izan zen jatorrian, Europako garrantzitsuenetakoa.

  • 1887ko uztailaren 1ean inauguratu zen Kasino Handia eta, urte luzez, Donostiako historiaren parte izan zen; bertan biltzen baitziren goi klaseko herritarrak aisiaz gozatzeko. Orotariko festa, dantzaldi eta kontzertuak ospatzen zituzten, eta garaiko turistak erakartzen zituen.

  • 300 akziodunek baino gehiagok sustatutako enpresa izan zen, gehienak donostiarrak. Egundoko eraikina sortu zuten, Luis Aladren eta Adolfo Morales de los Rios arkitekto gazteen Aurrera proiektua aukeratu ostean, Udalak 60 urterako utzitako udal lur sailetan.

  • Donostiako Udaletxea
  • Sarbide nagusia terrazan zegoen eta, egunero, Kasinoko orkestrak bi kontzertu ematen zituen kioskoan, Alderdi Ederreko lorategietatik ondo asko entzun zitezkeenak.

  • Kasinoaren beheko solairuan zeuden jatetxea, kafetegia, billar aretoa, liburutegia, piano gela, egongela eta Areto Horia. Areto horretan oso herrikoiak ziren joko mahaiak zeuden, baimenduta zeudenak.

  • Goiko solairuan, aldiz, debekatutako joko aretoak zeuden eta sarrera oso mugatua zuten. Erruleta, bakara eta bestelako zorizko jokoetan jokatzen zuten, garai hartan delitutzat hartzen baziren ere.

  • Ohorezko eskailera benetan dotorea eraiki zuten marmol zuriz, bere egitura biribilera egokitutako mailekin, urre koloreko barandarekin eta brontzezko farola nahiz balkoiekin. Gaur egun ere bere horretan mantentzen da.

  • 1924. urtean utzi zion kasino izateari, Primo de Riveraren diktadurapean, hain zuzen, aisiarako guneak ixtea agindu zuenean. Debeku horrek hipodromoari eta La Perlari ere eragin zien.

  • Kolpe gogorra izan zen Belle Époque garaiko ikur nagusi zen hiriarentzat, Kasino Handiak hiriaren garapenerako laguntza handia suposatzen baitzuen.

 

Udaletxea Alderdi Ederren


1924. urtean, Primo de Riverak jokoa galarazi eta aisiarako guneak ixtea agindu zuenean, Kasino Handiak kasino izateari utzi zion. Hori dela eta, eraikina udaletxearen egoitza berria izateko egokitu, eta 1947ko urtarrilaren 20an inauguratu zen, ordura arte Konstituzio plazan kokatua zegoena ordezkatuz.


Udalbatza aretoa: Lehen (ezkerrean) eta orain (eskuinean)
  • 1938. urtean kasinoa udal jabetzakoa izatera pasatu ostean, 1947an, Udalaren egoitza bihurtu zen. Udaletxea, ordura arte, Konstituzio plazan kokatua zegoen.

  • 1947ko urtarrilaren 20an inauguratu zen udaletxe berria. Luis Jesus Arizmendi udal arkitektoak izan zuen eraikina erabilera berrira egokitzeko lanen ardura. Sarrera Ijentea kalean jarri zuen, atzeko fatxada goretsiz.

  • Areto Nagusian alboetako berogailuak eta agertokia kendu zituzten. Oholtzaren ordez, marmolezko zoru dotorea ipini zuten; dantzalekua, berriz, Udalbatza Areto bilakatu zen.

  • Gaur egun areto handia eginkizun anitzetarako eremu handia bihurtu da, Udalbatzaren osoko bilkurak egiteaz gain, ezkontzak, kongresuak, musika emanaldiak eta bestelako ekitaldiak ere antolatzen dira. Urtero, hiriko Urrezko Danborra ere bertan banatzen da urtarrilaren 20an.