Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Ongi etorri eskolara! Kulturarteko bizikidetza eskola komunitatean



Kultur Aniztasun Bulegoak Donostiako hainbat ikastetxetan Ongi etorri eskolara! egitasmoa bultzatzen du 2016-2017 ikasturtetik aurrera. Xedea eskola komunitatetik abiatuta, beste herrialde batzuetatik datozen familien inklusioa laguntzea eta eskolako eragile guztiak kultur aniztasunaren abantailez jabetzea da.
Eserita dauden haurrek bizikidetza tailerrari adi daude

Hala, hainbat jarduera eta ekintza ari dira garatzen Donostiako bost ikastetxetan: Egiako Aitor ikastolan eta Mª Reina eskolan, Intxaurrondoko Hegoa ikastolan eta Intxaurrondo ikastolan, eta Gros auzoko Zuhaizti ikastetxean, hain zuzen ere.

Egitasmoaren zutabe nagusiak honakoak dira: eskolako guraso, irakasle eta ikasleentzako sentsibilizazioa, beste jatorri batzuetako familiei laguntza, harrera protokoloaren diseinua, eta familia horiek euskarara eta Donostiako kulturara hurbiltzea.

Familia Laguna


Ongi etorri eskolara! egitasmoaren barruan, asko dira garatzen diren jarduera eta programak. Esanguratsuenen artean daukagu “Familia Laguna” programa, Donostian finkatutako familia boluntarioak eta etorri berriak diren familiak elkarlanean aritzeko programa, alegia. Programan parte hartzen duten familia horiek lau norabidetan egiten dute lan:

  • Ikastetxean informazioa partekatu eta inklusio lana egiten dute.
  • Auzoari buruzko informazioa partekatu eta harremanak zabaltzen dituzte.
  • Kulturei buruzko informazioa partekatu eta Donostiako kulturan inklusio lana egiten dute.
  • Euskararekiko atxikimendua sustatzen dute.
Familia parte-hartzaileek eskolako sarrera aurrean posatzen dute

Aitor Ikastolan 2014an jarri zen abian Ongi etorri eskolara! egitasmoa. Gainerako lau eskoletan 2016an hasi baziren ere oso emaitza onak izaten ari dira guztietan. Esate baterako, Intxaurrondo ikastolan, “Familia Laguna” programaren baitan 16 familia ari dira elkarlanean, eta Aitor ikastolan, berriz, 34.

Jatorri desberdinetako familiek oso iritzi baikorra daukate egitasmo honekiko: besteak beste, ikastetxeko zein auzoko harremanak zabaldu dituzte eta gizartean parte hartzea askoz handiagoa da. Haien jatorrizko kultura balioan jartzea oso modu onean hartzen ari da, eta bestelako kulturarekiko eta euskararekiko interesa modu nabarian handitu da. Are gehiago, familia hauetako guraso asko euskara ikasten hasi dira ikasturte honetan.

Informazio gehiago.