Donostiako hiriaren historian hainbat sute gertatu dira, hiri osoa edo hiriaren zati bat txikitu dutenak.
Hala, XIII. mendean jaso ziren hiria suntsitu zuten suteei buruzko lehen erreferentziak. Larriena 1278an gertatu zen, eta, kroniken arabera, hiri osoa hondatu zuen.
Ondorengo mendeetan ere beste zenbait sute larri gertatu ziren eta horrek poliki-poliki donostiarren kontzientzian eragin zuen. Horren ondorioz, erregeari zenbait eskaera egin zizkioten, zorigaitz suntsitzaile horri aurre egiteko laguntza eskatuz.
Hala, XV. mendearen amaieran, Fernando erregeak, hiriaren eskaerei erantzunez, gutun bat bidali zuen Jaendik, hiriko eraikinak harrizko materialez egiteko gomendioa emanez, suteen sarraskia saihesteko, edo gutxienez arintzeko.
Donostiarrek gomendio horri jarraitu zioten, eta, horri esker, sute kopurua eta suteen ondorioak murriztu egin ziren. Handik aurrera suteak ez ziren gertatu, ordura arte bezala, deskuiduen edo etxeko istripu txikien ondorioz, gerren ondorioz baizik.
Hala, ondorengo mendeetako erreferentziak setio eta borroketan gertatutako suteei buruzkoak dira.
Garai hartatik, nabarmentzekoa da 1738ko urtarrilaren 23an gertatutako sutea, hain zuzen ere garai hartako Plaza Berrian (gaur egun, Konstituzio plaza) gertatu zena: oso sute bortitza izan zen, eta hiriko goarnizioko soldaduek ere lagundu behar izan zuten sua amatatzeko lanetan. Hiria berriz ere sugarren atzaparretan eroriko zela zirudienean, parrokoak Koruko Andra Mariaren irudia atera zuen prozesioan, eta, irudia sutearen eremuan sartzearekin batera, euria hasi zuen. Miraria izan edo ez, gertakariak oihartzun handia izan zuen hirian, eta Birjinaren ohorezko hainbat ekitaldi egin zituzten donostiarrek.
Azkenik aipatzekoa da hiriak bere historian izan duen suterik garrantzitsuena, 1813ko abuztuaren 31n gertatu zena eta donostiar guztiek ondo asko ezagutzen dutena.
Independentziaren Gerran, Frantziako armada atzera zihoan, eta Donostian 3.000 gizonen goarnizioa utzi zuen, Frantzia aldera itzultzen ziren gudarosteak babesteko.
Alabaina, espainiar, ingeles eta portugesen armadek, bat eginik, hiriari eraso egin zioten, eta horren ondorioz sutea sortu zen, abuztuaren 31tik irailaren 8ra bitarte (goarnizio frantsesak egun horretan amore eman zuen) luzatu zena eta hiri osoa, 600 etxe inguru, suntsitu zuena, abuztuaren 31ko kaleko (Trinitate kalea, garai hartan) etxebizitzak izan ezik.
Aliatuen gudarosteek sua eman zioten hiri osoari, eta hiri osoa arpilatu zuten gainera, borrokak aurrera jarraitzen zuen bitartean. Trinitate kaleak, aldiz, zutik iraun zuen, armada haren ofizialen aterpetxea zelako.
Donostia XIX. mendean (San Telmo Museoaren argazkia)