Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Donostian 1936ko estatu kolpearen ondorioz Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren bitartean exekutatuak izan ziren 400 pertsona inguru omentzeko eskultura eta ekitaldia



Omenaldia


Eskulturaren argazkia omenaldian


1936ko estatu kolpearen ondorioz Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren bitartean exekutatu zituzten pertsonak omentzeko ekitaldia egin zuen Udalak 2014ko maiatzaren 31n. Omenaldia irekia izan zen eta bertan parte hartu zuten exekutatuak izan ziren pertsonen senideek eta oroimen historikoaren arloko elkarteek.

Donostiako alkateak, Juan Karlos Izagirrek, nabarmendu zuen "urteetan zehar ahaztuak izan diren pertsona horien oroimena berreskuratzeko, oroimen historikoari loturiko lan lerroa landu behar dela. Izan ere, memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginarekin, ahaztuak, isilduak edo gutxietsiak izan direnen iraganaz ulertu ahal izango ditugu gaur eguneko desoreka asko".

Ondoren, Goikoa Jauregiaren ondoan, "Dual" eskultura agerian utzi zuten. Amaia Mateosek eta Tomás Villanuevak egindako eskulturak Udalak estatu kolpearen ondorioz Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren bitartean exekutatu zituzten 400 pertsona inguru oroitzeko martxan jarritako ideen lehiaketa irabazi zuen.

Korten altzairuz eta polikarbonatoz egindako lana da eta fusilatutako pertsonak oroitzeko 400 zulo dauzka. Eskulturaren azpiko aldean idulkia du, bertan, fusilatuak izan zirenen izen-abizenak zerrendatuta. Gainera, exekutatuak izan ziren pertsonen senideei Dual eskultura sinbolizatzen duen intsignia bat eman zien.

Ekitaldiaren bideoa

'Altxaldi frankista eta ondorengo urteak' kartela

Ideien lehiaketa


Donostiako Udaleko Giza Eskubideen sailak ideien lehiaketa bat jarri zuen martxan 2013an 1936ko estatu kolpearen ondorioz Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren bitartean fusilatuak izan ziren 400 pertsona inguru oroitzeko.

Lehiaketa honetara alor artistiko desberdinetako sormen-lanak aurkez zitezkeen: dela eskultura, marrazkia, maketa edo argazki-muntaia. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen hitzetan “zor historikoa dugu altxamendu frankistan eta ondorengo urteetan hil zituzten 400 pertsona haiekin eta euren senitartekoekin”.


Oinarriak eta liburuxka

Sariak


Lehen saria, 2.000 eurokoa, Amaia Mateosentzat eta Tomas Villanuevarentzat izan zen Dual izeneko lanarekin, 66 punturekin (90 puntutik). Bigarren saria, 1.500 eurokoa, Manuel Jimenezi eta Ibon Rosalesi egokitu zen, 58 puntu aterata, Estela deitu lanarekin. Eta hirugarren saria, 43 punturekin, Garbiñe Pedrosorentzat eta Inhar Agirrezabalarentzat. Azken hauek 500 euroko saria jaso zuten Arrastoak deituriko lanagatik.

Epaimahaia osatu zuten: Donostiako alkateak eta udalaren hainbat sailetako teknikariek, batetik; eta, bestetik, Oroimen Historikoko Foroko bi ordezkarik eta Giza Eskubideen batzorde bereziko kide batek.

Informazio gehiago

Lanen erakusketa


Erakusketako argazkia
Donostian 11936ko estatu kolpearen ondorioz Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren bitartean fusilatuak izan ziren 400 pertsona inguru omentzeko abian jarritako lehiaketara aurkeztu ziren hemezortzi lanak jarri ziren ikusgai Aiete Kultur Etxean.

Erakusketan saritu ziren hiru lanez gain (Dual, Estela eta Arrastoak), lehiaketan parte hartu zuten gainontzeko 15 ideiak ere ikusi ahal izan ziren. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre jauna eta lehiaketan parte hartu zuten lanen egileetariko batzuk izan ziren erakustokian.