Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)' erakusketaren bitartez, emakumeek sare klandestino horretan euskal herritarren alde egin zuten lana nabarmendu nahi da.

2018ko irailaren 6tik 26ra, “Álava Sarea. Emakume ikusezinak, elkartasuna eta espioitza (1936-1947)” izeneko erakusketa ibiltaria ikusgai egon zen Donostiako Aiete Kultur Etxeko erakustaretoan. Euskal Herriko Unibertsitateko Josu Chueca historialari eta irakaslea izango zen erakusketaren komisarioa, hainbat erakunderen artean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutakoa, hain zuzen.

Erakusketa Luis Alava Sauturen fusilamenduaren 75. urteurrena dela-eta antolatu diren ekitaldietako bat da. Sare horrek bere buruzagi nagusi izan zenaren deitura hartu zuen (“Álava Sarea”), eta Gerra Zibilean bertan eta Francoren diktaduraren hastapeneko urteetan, 1936tik 1940ra, elkartasunezko ekintzak burutu zituen presoen, erbesteratuen eta berauen familien alde, Aliatuentzako espioitza-lanak egiteaz aparte.

Lan hori gauzatzeko, Álava Sareak ia berrogeita hamar kide izan zituen jardunean, jakin ahal izan denez. Sare horretan gizarte-klase guztietako pertsonak aritu ziren baina, aparteko lau emakume izan ziren Sarea benetan eratu zutenak: Itziar Mugika, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta Tere Verdes.

Emakume eta gizon horiek burutu zituzten ekintzak argitara ateratzeko, ekintza horiek burutzea eragin zuten zio humanitarioak eta politikoak argitzeko eta, batik bat, emakumeok anonimatuan jardunik, Erresistentziako subjektu aktibo gisa faxismoaren aurka egin zuten lan eskerga azpimarratzeko antolatu da erakusketa.


Aparteko lau emakume

Lau emakume horien lanak zeharo areagotu ziren Euzko Gudarostea Santoñan erori ostean. Izan ere, euskal gudari presoei laguntzen aritzen ziren, haiei janariak, arropak eta, batik bat, elkartasuna eramaten.

Handik eta oso lasterrera, laguntza arloko lehenengo lan horiekin batera beste lan berezi batzuk egiten ere jarduten zuten, adibidez, giltzaperaturik zeuden burukideei eta erbesteratuei era guztietako mezuak eroaten. Horrezaz gainera, Bittori, Itziar, Tere eta Delia presoen egoera prozesalaren eta kondenen gaineko informazioa eskuratzen ere hasi ziren.

Hitzaldiak:

Irailaren 12an, 19:00etan: Álava Sarea, erresistentziaren hazia/ la semilla de la resistencia", Josu Chueca historialaren eskutik.

Irailaren 20an, 19:00etan: "Emakume donostiar bi Álava sarean: Itziar Mujika eta Delia Lauroba", Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia y Karmele Perezen eskutik.