Fauna inbaditzailea

Liztor beltza

Liztorrari buruzko informazioa

Vespa velutina izenez ezaguna den liztorra 2010ean antzeman zuten aurreneko aldiz Irunen. Asian dauka jatorria liztor honek eta 2004ko amaieran sartu zen Europan, antza, Bordelera Txinatik egurrez edo eltzez beteta zetorren ontzi bat porturatzean. Kezka handiagotu egin da ordutik hona, liztor beltza harrapakari delako bertako erleentzat (Apis mellifera).

Vespa CrabroVespa crabro
Vespa VelutinaVespa velutina

 

Liztorren neurria 17-32 mm artekoa da; kuruminoaren (Vespa crabro) antzekoa, zeinak 17-33 mm-ko luzera har baitezake.

 

Liztor hauek bi motatako habiak eraikitzen dituzte, urtearen garaiaren araberan:

- Udaberrian, HASIERAko habia egiten dute, tenis pilota baten neurrikoa. Bertan ehun bat liztor sortuko dira.

- Ekainetik aurrera, hasierako habia utzi eta BIGARREN habia bat eraikitzen dute. Hau zuhaitzetan egiten dute, gehienetan 10 m-ko altueratik gora.

Bigarren habia horrek itxura biribila du udaberrian, eta udare forma hartzen du uda amaiera aldera. Krema eta marroi arteko kolorea du eta, habiak bere tamainarik handiena hartzen duenean, 50 cm ditu zabaleran eta 80 altueran. Habia horiek 1.700 liztor langile edukitzera hel daitezke, horrela, espeziaren ugalketarako gaitasun maila erakutsiz.

Liztorren egoera biologikoaren arabera aldatzen da elikatzeko era. Erreginak eta liztor helduek loreak eta fruta heldua jaten dituzte; aldiz, larbak elikatzeko, intsektuak harrapatzen dituzte (armiarma, beldar, inurri, sits, zorri, euli, liztor eta erle). Liztorrak, intsektu horien toraxarekin gelditzen dira gorpuaren beste zatiak baztertuz (burua, hankak, hegoak eta abdomena), ondoren habiara eraman eta larbei emateko.

 

Bost urratsek osatzen dute liztorraren ziklo biologikoa.

  • Otsail-martxoan: erreginak hibernatzen izan diren tokitik ateratzen dira eta, apiril-maiatzera arte hasierako habia eraikitzen dute toki babestuetan. Bertan errungo dituzte lehenengo arrautzak.
  • Ekaina: Erreginak eta liztor langileek bigarren habia bat egiten dute zuhaitzetan, altueran. Une horretatik aurrera, habia eraikitzearen ardura liztor langileena izango da, baita  kolonia guztia elikatzearena ere.
  • Irailean: arrak eta erregina berriak jaioko dira, zeinak arrak ernaldu ondoren habia uzten duten, azaroaren amaieran.
  • Negua datorrenean, erregina berriak beste babesleku bat bilatzen dute, hibernatzeko. Adibidez: egurrezko enborretan, beste intsektu batzuen larbek eginiko zuloetan, basoko orbel artean, lurreko zuloetan edo teilapean.
  • Neguan: erregina-ama fundatzailea eta arrak hil egiten dira. Hurrengo urteko erreginek ez dute berriro erabiliko utzitako habia.

Biologia zikloa

 

Ez da oldarkorra lasai uzten bazaio

Liztorrek zein erleek beraien buruak edo habiak defendatzerakoan ziztatzen dute soilik. Deskribatu diren eraso kasu gutxitan, kaltetua izan den pertsonaren eraginez izan da (kontziente edo inkontzienteki).  Normalean ziztadak ohiko erreakzioa sortzen du, beste edozein intsektu handien antzekoa. Batzuetan, pertsonak espezie horren pozoiarenganako alergia badu, sintomak ager daitezke, arinetik hasi eta shock anafilaktikoa eduki arte, bertako liztorrekin edota beste intsektu batzuekin gertatzen den erara. Ez dirudi liztor beltzarenganako alergia duten pertsonen kopurua beste intsektuarenganakoa baino handiagoa denik.

Liztor beltza gure ingurura heltzeak ez du arazorik sortzen Osasun Publikoaren aldetik, eta ez da arriskutsua pertsonentzat. Mehatxua da, ordea, gure ekosistemaren orekarako, espezie inbaditzailea izanik, erle arruntaren populazioarengan oso eragin larria izaten duelako; izan ere, erleak ezinbestekoak ditugu landareen eta arbolen polinizazioa behar bezala segurtatzeko.

 

Zergatik behar dugu zure laguntza?

Liztor beltza oso azkar zabaldu da gure lurraldean eta bere aurka egitea oso zaila da. Beraz, kalteak txikitzera bideratu beharko lirateke ahaleginak eta, horrelakoetan, herritarren esku hartzea garrantzitsua izango da.

Gertatzen diren kalte gehienek urtean zehar sortzen diren habia kopuru handiarekin zerikusia dute. Udaberrian hasierako habiak kentzeak nabarmen murrizten du geroago sortuko diren tamaina handiagoko liztor habien kopurua, eta, ondorioz, hurrengo urtean sortu beharko liratekeen erregina fundatzaile berrien jaiotza masiboa saihestuko da. Hasierako habiak  bigarrenak baino eskuragarriago daude; izan ere, azken horiek, zuhaitzetan ikus daitezke altuera handian. Hasierakoak, berriz, ganbara, trasteleku, garaje, terraza, leiho, balkoi edo teilatuetan eta hego fatxadetan daude.

Liztor beltzaren kabia

 

Zer egin liztor habiaren bat ikusiz gero?

- Bereizi egin behar da ikusten den habia hasierakoa edo bigarrena den.

  • HASIERAKOA: habiak neurri txikikoak dira, eta ekiditea erraza da; beraz, ikusi duen pertsonak berak ken dezake, Udaleko Ingumeneko teknikarien aholkuarekin.
  • BIGARRENA: ziurtatu habia berria dela eta ez aurreko urtekoa. Hura kentzea pertsonal espezializatuaren bidez egingo da.

- Bi kasuetan beharrezkoa da UDALTZAINGOAREKIN HARREMANETAN JARTZEA 092 ZENBAKIAREN BIDEZ, eta adierazi zehazki habia non dagoen kokatuta.

- Gomendatzen da bigarren habietara gehiegi ez hurbiltzea, ezta liztorrak xaxatzea ere, defendatu beharra sentitu ez dezaten.

- Azkenik, ez zaitez ahalegindu zeure kabuz bigarren habiak kentzen.

Lan horietan partaide dira Udaleko zerbitzu hauek: Suhiltzaileak, Ingurumeneko Zuzendaritza eta Udaltzaingoa, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainak ere.