Betegarriak

Betelanak

Askotan betelanak egin dira zenbait motatako materialekin landako eta hiri inguruko eremuetan, eta neurri handiagoko edo txikiagoko ibarretan metatu. Normalean, lur berdinketen edo zulaketen beharra zuten eta ateratako material guztia lekuan bertan ezin har zezaketen obra handietan (tunelak, urbanizazio berriak…) egindako hondeaketetako materialak izan dira. Lehenago, halaber, ohikoa izan zen betelan horietarako zaborrak edo bestelako hondakinak erabiltzea, eta inpaktua larria izaten zen askotan. Inpaktu horiek nagusiki izaten ziren lurrak eta/edo akuiferoak kutsatzea, landaredi interesgarria desagertzea, uraren zikloa aldatzea, ur ibilgu txikiak desbideratzearen edo bideratzearen ondorioz…

Gainera, sarritan, kalkulu akatsek betelanetako material geruzak irristatzea eragin zuten, eta horrek inpaktua izan zuen beheko lurretan edo egon zitezkeen errepideetan edo bestelako azpiegituretan.

Ingurumen arazo horiek nahiz azpiegituretan eta jabetzetan eragindako arazoak saihesteko, betelanetarako irizpideak kontrolatzen eta ezartzen dituen berariazko legedi bat garatu da.

EAEn betelanak egitea, aldatzea edo handitzea dekretu hauetan araututa dago: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, eraikitze eta eraiste lanetako hondakinak ekoiztea eta kudeatzea arautzen duena.

Lurren edo harrien betelana egiteko, kokatuta egongo den herriko udalaren administrazio lizentzia izan beharko da, azpiegitura linealeko proiektuetan sortutako soberakinen metaketak edo betelanak izan ezean, orduan eskumena autonomia erkidegoak edo foru aldundiak baitu.

Lizentzia egokia lortzeko, sustatzaileak txostena eskatu behar die URAri eta Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari, eta, gero, baimen eskaera aurkeztu behar dio agintari eskudunari (Udala, Diputazioa edo Eusko Jaurlaritza; kasua zein den), betelan proiektuarekin eta aipatu txostenekin batera.


Normalean, hondakinen kudeaketa jasangarria egiteko hierarkia aplikatzen da, ordena hau lehenetsita:

  1. Hondakinen sorrera murriztea.
  2. Hondakinen ustiapena edo berrerabilera sustatzea.
  3. Ezabatzea ingurumenean arazorik sortu gabe.


Geroago, obrako soberakinen gordailuak kudeatzeko/kokatzeko, honako hauek lehenetsiko dira:

  1. Betelaneko materialak sortu diren lekuan bertan berrerabiltzea.
  2. Harrobiak eta erauzte jarduerak egiten diren beste inguru batzuk erabiltzea, betiere egungo naturalizazio maila (bertako landaredia, harraparien habiak edo kiroptero koloniak eta abar) aurrez aztertzeko baldintzarekin.
  3. Beste gune degradatu batzuk (obra zibilek edo hirigintza lanek eraginda utzitako inguruak eta abar).
  4. Zehaztutako elementuei eragiten ez dieten degradatu gabeko inguruak.


Oro har, xedea da galaraztea betelanek eragina izan dezaten bertako espezieen basoetan, komunitate edo eskualde intereseko habitatetan, babestutako eremu eta/edo espezieetan, erriberako ekosistemen egitura eta funtzionaltasunean, korridore ekologikoen sarean (gune eremuak, lotura korridoreak, lotura eremuak, eta lotzeko interes bereziko ibai tarteak) eta/edo interes ekologikoko leku edo eremuetan.

Babestutako edo Natura 2000 Sareko eremuetan, aurreko irizpideak ez ezik, tokian tokikoak ere aplikatuko dira, hau da, lekua babes estatus hori lortzea eragin zuten natura balioak modu espezifikoenean babesten dituztenak.

Era berean, irizpideak eta neurriak ezarri nahi dira lurraldearen konektagarritasun ekologikoa hobetzeko; besteak beste: neurriak itxituretan, animalia txikiak kanaletatik eta beste egitura batzuetatik errazago ateratzeko elementuak, lur gaineko zein azpiko urak ez kutsatzeko neurriak…

Azkenik, baimenetan paisaiari buruzko irizpideak ere zehazten dira, bai eta lurrak ez galtzeko neurriak ere, baliabide mugatua baita, betelana egin aurretik landare lurzorua kentzea behar duena, eta 1,5 metrotik gorako garaiera ez duten kabailoi edo meta isolatuetan biltzea, onartu gabe betelanerako elementu moduan erabiltzea, soil-soilik 30 cm arteko gainazaleko geruzetan baliatuta.

Betelana egin ondoren, espezie exotiko inbaditzaileak (Fallopia japonica, Cortaderia selloana, banbua eta abar) jasotako betelan materialen bidez edo eragindako eremuak landareztatzeko lanetan zabaltzea ere eragotzi behar da.