Udal Auzitegi Ekonomiko Administratiboa (UAEA)

Zer da Donostiako Udal Auzitegi Ekonomiko-Administratiboa (UAEA)?

Erreklamazio ekonomiko-administrabitoak erabakitzen dituen organoa da.

Udaletan organo hori sortzeak duen helburua da merkatzea eta arintzea herritarren eta enpresen eskubideen defentsa, nola zerga kontuetan hala zuzenbide publikoko edozein diru-sarreraren kobratzeko orduan, eta, ondorioz, Epaitegietan izaten diren auzi juridikoak murriztea.

Erabateko independentziaz jokatzen du organo honek Udalaren ekintzak berraztertzen dituenean.

Auzitegi administratibora jo aurretik, beti egon behar izaten du udal ekintza batek.

Ekintza honako hauetako bat izan daiteke:

  • Zerga (balio erantsia, ondasun higiezinak, eraikuntza, ekonomi jarduerak) eta tasa (ura, zaborra, TAO, lizentziak, garabia, hilerriak) kitapenak.
  • Ordainagiri bat berrikusteko eskaera bati buruzko ebazpena.
  • Zerga salbuespenak edo hobariak ukatzen dituzten ebazpenak.
  • Zerga bat ordaindu beharra adierazten duten ebazpenak.
  • Bilketa gainkarguz edo bahitura bidez egiteko ebazpenak.
  • Zerga isunak ezartzen dituzten ebazpenak.
  • Gainkarguz edo bahitura bidez kobratzea trafiko, hirigintza eta zibismo isunak zein prezio publikoak (kiroldegietako ordainagiriak, Musika Eskolarenak, haurtzaindegienak).

Erreklamazio egiteko nahikoa da erreklamaziogileak idazki erraz bat sinatu eta aurkeztea. Ez dago inolako eredu berezirik; beraz, udal eskabide eredu orokorra erabil daiteke.

Gomendagarria da hasieran adieraztea erreklamazio ekonomiko-administratiboa dela.

Idazkiak ondoko datuak adierazi behar dira: izen-deiturak edo baltzuaren izena, interesatuaren IFK, ebazpena jasotzeko helbidea eta erreklamaturiko udal ekintza. Harremanetarako telefono zenbaki bat ere adieraz daiteke.

Interesatuak nahi dituen alegazio guztiak azaldu ditzake. Hala, prozedura arinagoa izango da.

Erreklamazioa aurkezteko epea hilabetekoa da, erreklamatu nahi den udal ekintza (ordainagiria, likidazioa, isun bahitura, berraztertzeko errekurtso gaitzespena, salbuespen edo hobari gaitzespena) jasotzen den unean hasita.

Erreklamazioa epe hori igarota aurkeztuz gero, Auzitegiak ezin onartuzkotzat jo beharko du, garaiz kanpo aurkezteagatik.

Irizpide moduan, Auzitegiak erabaki du zerga erreklamazioak lehentasunezkotzat jo eta berehala aztertzea. Batez beste, bi hilabete baino arinago ebazten ditu.

Trafiko isunen kobratzearen gaineko erreklamazioak jaso ahala ebazten dira. Batez beste, sei hilabete baino gehiagoren buruan ebazten ditu.

Epaiak eskabidea guztiz edo aldez onartzen badu, Auzitegiaren epaia bete beharko du aurkaturiko ekintza eman zuen udal organoak.

Epaia gaitzeslea izanez gero, interesatuak zergak biltzeko organora jo dezake, Udalak udal prozedurako izapideak betetzen jarraituko duelako.

Bi kasuotan interesatuak bi hilabeteko epean administrazioarekiko auzietarako Donostiako auzitegietan errekurtsoa aurkez dezake.
  • Auzitegiaren Idazkaritzaren bulegotan, Ijentea kalea, 1, beheko eskuin solairua.
  • Auzitegiaren Idazkaritzaren telefonoetan: 943 481 485 / 943 481 619

Zure interesekoak izan daitezkeen beste izapide batzuk