Euskalduna
Donostian, euskara gure nortasunaren eta gure eguneroko bizitza ulertzeko moduaren parte da.
Hiriko berezko hizkuntza gure kale eta plazetan, bizitza kulturalean edo udal zerbitzuetan dago, eta urtetik urtera gero eta gehiago dira gure hizkuntzara hurbiltzen, eta hura ikasten edo egunerokoan erabiltzen duten pertsonak.
Horregatik, proiektu ugari bultzatzen ditugu, bai euskara dakitenen euskararen erabilera bultzatzeko, bai euskara ikasteko interesa dutenen ikaskuntza errazteko.
Izan ere, pauso bakoitzak — saltokietan egiten den elkarrizketa bakoitzak, hizkuntza transmititzen duen familia bakoitzak, euskara barruan hartzen duen kultur jarduera bakoitzak, euskara bultzatzen duen auzo bakoitzak — Donostia "Euskararen Hiria" izateko bidean jartzen du.

Donostiarren % 47 euskalduna da eta beste % 21ek euskara ulertzen du.
Hiriko 1.600 establezimenduk zerbitzua euskaraz eskaintzen dute.
5.000 heldu donostiar ari da euskara ikasten hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan.
Batzen gaituen hizkuntza zaintzea
Euskarak eguneroko bizitzan aurrera egin dezan, Udalak esparru guztietan euskararen erabilera sustatzen duten programak garatzen ditu:
- sentsibilizazio-kanpainak
- euskararen presentzia aktiboa herritarren arretan
- erabilera bermatzea herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoetan eta euskararen ikuspegia txertatzeko urratsak egitea udalaren jardunean eta politika publietan
- eta merkataritza eta ostalaritzan, kirol-, kultura- eta gizarte-erakundeetan euskara sustatzea
Hori guztia etengabeko normalizazio- eta bidelaguntza-estrategia baten barruan, euskara hazi dadin auzo bakoitzean eta hiriko erakunde eta jarduera bakoitzean.
Ikaskuntza bultzatzea
Euskara ikastea da hiriko hizkuntza-politikaren beste funtsezko zutabe bat. Horretarako, euskaltegiekin elkarlanean aritzen gara, matrikulazio kanpainak sustatzen ditugu eta baliabideak ematen dizkiegu hizkuntza hutsetik ikasi edo maila hobetu nahi dutenei.
Gainera, gure hirira iritsi berri diren pertsonengana euskara hurbiltzeko proiektuak ditugu, berariazko ikastaroak, euskara praktikatzeko jarduerak eta espazioak bultzatzen ditugu, baita ikasgelatik kanpo aurrera egiteko aukera ematen duten errefortzu eskolak eta bestelako programak ere.
Helburua argia da: euskara ikasi nahi duen edonork laguntza, baliabideak eta eguneroko bizitzan integratzeko bide bat aurkitzea.
Bizitzako arlo guztietarako hizkuntza
Eguneroko esparru guztietan euskara sustatzeko asmoz, Udaleko Euskara Zerbitzuak programa ugari bultzatzen edo laguntzen ditu hainbat esparrutan eta bizitzako etapa guztietan, erakunde publiko eta gizarte eragileekin lankidetzan.