Abian dira Enobieta presaren zati bat eraisteko lanak

Donostiako Udalak eta Nafarroako Gobernuak jarduketa aitzindari horren obrak bisitatu dituzte

Publicado el 06/19/2026

Artikutzako Enobieta presaren zati bat eraisteko lanak maiatzean hasi ziren, eta aurreikusitako egutegiaren arabera aurrera doaz. Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Iñigo Garcíak, José María Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariarekin eta Life Kantauribai proiektuan parte hartzen duten entitateen ordezkariekin batera, gaur bisitatu ditu obrak. Espezieak eta habitatak kontserbatzeko proiektu espezifikoa da Life Kantauribai, eta Nafarroako Gobernuak koordinatzen du, Orekan sozietate publikoaren bidez. Jarduketa horren bidez, orain arte Europan egin den mota horretako ibai-lehengoratze handiena egiten ari dira.

Lan horiei esker, Enobieta errekaren (Añarbe ibaiaren adarra, Urumearen arroaren barruan) jarraitutasun ekologikoa berreskuratuko da, eta Artikutzaren bihotzean dagoen ingurumen-balio handiko ekosistema baten funtzionamendu naturala lehengoratuko da. Lanak azaroaren amaierara arte luzatuko direla aurreikusten da, eta Life Kantauribai Europako proiektuaren parte dira. Proiektu horren xedea da ibai-ekosistemak berreskuratzea eta Kantauriko ibaiei lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzea. Europar Batasunak kofinantzatutako programa horri esker, ibilguen konektibitatea berreskuratzeko eta uretako ekosistemen funtzionamendu naturala zailtzen duten oztopoak kentzeko jarduerak bultzatzen ari dira.

43 metroko altuera, 180 metroko luzera eta 35 metroko lodiera duen Artikutzako presa, tamainari dagokionez, Frantziako Vezins presa (36 metroko altuera) baino handiagoa da. Presa hori partzialki eraitsi zen 2019 eta 2020 artean. Horrela, Artikutzako esku-hartzea Europako erreferentea da ibai-lehengoratzeen esparruan.

Jarduketak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena du, eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak aldeko txostenak eman ditu ingurumen- eta segurtasun-arloetan. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da; horietatik 640.000 euro Donostiako Udalak finantzatuko ditu eta gainerakoa Life Kantauribai proiektuak.