Udalak Zurriolako zubiko farola historikoak zaharberritzeari ekin dio

Hiriko elementu enblematiko horietan zeuden eranskailuak kendu, eta farolak guztiz garbitu eta margotu ditu

Publicado el 07/09/2026


Donostiako Udalak, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Sailaren bitartez, Zurriola zubiko farola historikoak aldez zaharberritzeari ekin dio, azken hilabeteotan bertan eranskailuak eta itsasgarriak pilatu direla ohartuta.

Lan hauek egin dira: itsasgarriak kendu, erasandako gainazalak garbitu eta lixatu, eta, gaur goizean hasita, egiturak pintatu, jatorrian zuten itxura itzultzeko. Lanek aurrera jarraituko dute datozen egunetan, farola guztiak beren onera ekartzen amaitu arte.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garcíak azpimarratu duenez, "Donostia bere xehetasunengatik ere da ezaguna. Farola horiek ez dira bakarrik argiteria publikoko elementuak; gure historiaren, gure paisaiaren eta babestu nahi dugun hiri zaindu honen parte dira".

Zibismoaren Udal Ordenantzak debekatutako eta zigortutako praktika

Udalak gogorarazi du hiri-altzarien gainean eranskailuak, kartelak edo itsasgarriak jartzea ez dagoela baimenduta, eta horrek Zibismoari, Bide Publikoaren Erabilerari eta Garbiketari eta Hiri Paisaiaren Babesari buruzko Udal Ordenantza urratzea dakarrela. 

Udal araudiaren arabera, farolak hiri-altzarien parte dira. Horregatik, errespetatzeko betebeharra ezartzen du, elementu horiek zikintzen, kaltetzen edo hondatzen dituen edozein ekintza debekatuta. Gainera, Ordenantzaren 42.2 artikuluak berariaz ezartzen du debekatuta dagoela, Udalaren baimenik izan ezean, hiri-altzarietan "izaera politikoko edo bestelako eranskailu, kartel, paskin, pankarta edo banderola mota oro" jartzea.

Artikulu hori ez betetzea arau-hauste larri moduan tipifikatuta dago, eta 201 eurotik 500 eurora bitarteko zehapen ekonomikoak ekar ditzake. Gainera, erasandako elementua garbitu, konpondu edo bere onera ekartzeak ekarritako kostuak ere erreklamatu ditzake Udalak.

"Kontua ez da farola bat garbitzea bakarrik. Donostia hiria identifikatzeko balio duen osagaietako bat babestea da helburua. Hiria garbi eta zainduta mantentzea Udalaren eta herritarren artean partekatutako zeregina da", amaitu du Garcíak.