Euskaraz barra barra
Euskaraz barra-barra egitasmoa, Donostian ez ezik, Euskal Herri osoan dago martxan. Horrela, jendaurreko zerbitzua euskaraz eman dezaketen establezimenduak modu berean identifikatu dira hiri eta herrietan. Marka berri orokor horrek, Donostiako "Hemen ere euskaraz" marka ordezkatu zuen 2022ko udazkenean.
Zure establezimenduan euskaraz egin nahi duen bezeroari erraztasunak eman nahi badizkiozu, ekimen honetan parte hartzera animatzen zaitugu.
Donostian 1.603 bat establezimendu atxiki dira dagoeneko.
Zeinek har dezake parte?
Bi baldintza betetzen dituen establezimenduak parte har dezake:
- Jendaurreko langileek euskaraz ulertu behar dute:
- Langile kopurua 2-10 denean, uneoro langileen %50ek gutxienez euskaraz ulertu behar dute.
- Langile kopurua 10etik gora denean, uneoro langileen %30ek euskaraz ulertu behar dute.
- Bezeroari lehen hitza euskaraz egin behar diote
Zein abantaila izango dute parte hartzen duten establezimenduek?
Establezimenduaren irudia eta errentagarritasuna hobetuko dira
- Bezero euskaldunei zerbitzu hobea eskainiko zaienez, fidelagoak izango dira eta negozioa errentagarriagoa izango da: bezeroak erosoago sentituko dira, harreman estuagoa lortuko da eta emaitza hobeak izango dira.
- Donostiako merkataritzaren bezero garrantzitsuenak donostiarrak eta gipuzkoarrak dira: % 71,9.
- Donostia eta Gipuzkoako biztanleriaren artean euskararen ezagutza gero eta handiagoa da: donostiarren % 46,6 euskalduna da eta % 21,3 ia-euskalduna. Gipuzkoan berriz, % 57,5 euskalduna eta % 17,4 ia- euskalduna.
Establezimendu horien sustapena egingo da
- Promozio-kanpaina bateratuak egingo dira ( komunikabideetan, kale ekintzak,..) eta sare sozialak (twitter, facebook...) erabili.
- Donostiako Sustapenak promoziorako eta prestakuntzarako egiten dituen ekintzez baliatu ahal izango dira establezimendu horiek: Punto Dendako ekintzak, merkatarien eta ostalarien on line komunitateaz baliatzea, prestakuntza tailerrak jasotzea, eta abar.
Zer egin behar da egitasmoan parte hartzeko?
-
Establezimenduak eskaera egin behar du: udala_euskara@donostia.eus
-
Euskara Zerbitzuak egiaztatu egingo du ea establezimenduak baldintzak betetzen dituen.
-
Establezimenduari pegatina edo bereizgarria bidaliko zaio.
-
Pegatina jarri eta gero, establezimenduak argazkia bidali behar du Euskara Zerbitzura.
-
Bezeroak euskaraz artatzen dituzten establezimenduen artean azalduko da Eusko Jaurlaritzaren web orrialdean/erregistroan.
Jarduteko protokoloa
Non jarri eransgailua
-
Eranskailua lurretik 1,50 -1,70 euskaraz egiteko metrora jarri, sarreratik gertuen dagoen erakusleihoan.
-
Erakusleihorik ez badago, atean edo lokalaren barruan ipini, bezeroek erraz ikusteko moduan.
-
Barruan eranskailu bat baino gehiago jar daiteke.
-
Lehen hitza beti euskaraz
-
Euskaldunek eta euskaraz ulertzen duten langileek euskara erabiliko dute beti bezeroei egiten zaien agurrean. Lehen hitza euskaraz egitea kaixo, egun on, arratsalde on, zer nahi duzu? gakoa da bezeroek langile horiekin euskaraz egin dezaketela jakin dezaten.
Euskaraz egiten duten bezeroei euskaraz egiteko aukera eman
-
Langile euskaldunek euskaraz hitz egingo diete bezero euskaldunei.
-
Hitz egin ez baina euskaraz ulertzen duten langileek bezero euskaldunei euskaraz lasai aritzeko aukera emango diete: “Egin euskaraz lasai, nik ulertzen dut eta - Continua en euskera que yo te entiendo”.
-
Euskaraz ulertzen ez duten langileek ere bezero euskaldunei euskaraz aritzeko aukera ematea, beste lankideren batengana bideratuz: “Lo siento, no entiendo euskera. Si quieres te puede atender alguien que lo entienda”
Udala eta eragileak elkarlanean
Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, sustatzen dute Donostiako Sustapenaren eta sektorearen ordezkari diren SShops Donostia, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen laguntzarekin. Horiez gain, euskararen erabileraren alde lan egiten duten hiriko hainbat elkarte ere lankidetzan ari dira: auzoetako Euskara Batzordeak, Bagera eta abar.
Bestalde, Euskal Herriko zenbait udalerri ari dira parte hartzen egitasmoan.