Plan Estrategikoa

Tamaina ertaineko Estatuko gainontzeko hiri gehienek bezala, Donostiak ere plan estrategiko baten alde egin du etorkizunari ahalik eta modurik onenean ekin ahal izateko.

Plangintza estrategikoko prozesuak abian jartzearen arrazoi nagusia egoera gatazkatsuei aurre egitea izan ohi da, batik bat geldialdi edo krisi ekonomikoak. 
Gure ingurune hurbilean, hala ere, krisi egoerak ez dira oro har horrelako prozesuak abian jartzeko arrazoi nagusia. Izan ere, nagusiki, arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana bilatzea, jarduerak koordinatzea, etengabeko hobekuntza edo suspertze prozesuak bultzatzea izaten da horrelako prozesuak abian jartzearen atzean gurean.

Etorkizunari aurre egin

Hiriek etorkizunari aurre egiteko duten beharrari erantzuten diete plan estrategikoek. Horrenbestez, gakoa honako galderen erantzunean dago: «Norantz joan nahi dugu? Zer-nolako hiria izan nahi dugu etorkizunean?». 
Hori horrela, behin estrategia bat zehaztuta, behin zer-nolako hiri eredua nahi dugun adostuta, guztiok elkarrekin eta norabide berdinean egin behar dugu arraun ezarritako helmugara heltzeko.

 

2030 Plan Estrategikoa

2030 Estrategiaren helburua da gure hiriaren bilakaera, aurrerapena eta gizarte-, ekonomia- eta lurralde-garapen iraunkorrerako aldaketa eragitea eta sustatzea.

 

Azken bi hamarkadetan landutako ekosistema kolaboratibo baten barruan garatu da hiriaren estrategia, eta, denbora horretan, finkatuz eta haziz joan da pixkanaka, etengabeko lanari eta adostasunaren bilaketari esker.

Eta hiriko organo aholku-emaile nagusia den Donostiako Gizarte Kontseiluarekin lankidetzan egin da hori guztia. Eragile, erakunde, politikari eta udal arloetako teknikariekin osatutako hainbat lan-taldek osatzen dute Kontseilua, eta, halaber, tailerrak, bilerak eta era askotako ekitaldiak egiten dira. Bestalde, 300 elkarrizketa-ordu egin dira hiriko estrategiarekin lotutako alorretan adituak diren pertsonekin.

Metodología

Zeharkako eta sektore anitzeko ikuspegia duen metodologia darabilgu, eta metodologia horren erdigunean, gure baliorik garrantzitsuena dago: pertsonak.

Haiek gabe, haien inplikaziorik gabe, prozesu estrategikoek ez lukete zentzurik izango. Izan ere, pertsonen parte-hartzeaz gain, metodologia eta ezagutzak elkar elikatzen dira. Gure helburua: etorkizuna diseinatzea, eta, aldi berean, hiriko eragileak eta, oro har, herritarrak ahalduntzea, proiektu estrategikoen bitartez. Horixe da gure balio bereizgarria. Egiteko gure modu berezia: TEA, “Think-Elkarrekin-Act”.

Helburuak

E2030DSS Plan Estrategikoa 5 zutabe sendoren inguruan eraikitzen da, eta horietan oinarritzen dira helburu estrategikoak eta ekintza-ildoak. Gure ikuspegiaren arabera, hauxe da Donostia:

Izaera gara

Gizarte inklusiboago, gazteago eta lagunkoiago batean bihurtuko garelako.

Oreka gara

Jarduera ekonomikoaren, turismoaren eta merkataritzaren oreka-puntu egokienean paratuko dugulako gure balantza.

Hiria gara

Etengabeko hobekuntza bultzatuko dugulako, hiri jasangarri, bizi eta irekia bermatuz.

Lidergoa gara

Bikaintasunaren bilaketa gure DNAn dagoelako, eta ongi egindako lanari esker, tokiko mailan, gastronomian eta sormenean dugun lidergoa aitortuko digutelako.

Abangoardia

gara

Gure elkarbizitza-eredua eraikiko dugulako, abangoardiako gobernantza-eredua, hiri-garapen eredua eta kultur-eredua sortuz.