Breadcrumb
Sorleku
INTXAURRONDOKO SORLEKU PARKEA
Donostiako Tranbia Konpainiaren "Kotxeras" ekipamenduaren azpiko berdegunean “Sorleku” parkea eraikitzeko prozesuak 2017.urtean eman zituen lehen urratsak, Alubi Haurren Hiri Partaidetzarako Elkartearen proposamen bat Donostiako Gazteria Ataletik bultzaturiko MartxUp! ekimenean saritua izan zenean beste 3 proiekturekin batera: MartxUp! 18 eta 30 urte bitarteko Donostiako gazteen ideia, erronka eta proiektuak bultzatu eta martxan jartzen laguntzeko antolatutako ekimena da.
Aurretik ere hainbat ideia eta proposamen landuak zituzten Alubikoek eta oinarrian xede hau zegoen: hiriko parkeak haurrek beraiek pentsatutako diseinuak eduki behar zituztela, eta horretarako haurrekin parte hartze prozesuak martxan jartzea proposatzen zuten, non haurrek aukera izango luketen adierazteko zer zuten gustuko, zer eduki nahiko lituzketen parke horietan, ze jolasek liluratzen dituzten, etab... eta behar eta gogo horiek entzunez eta horiei erreparatuz, haurren parte hartzean oinarrituriko parkeak diseinatzera iritsi ahalko litzateke.
Donostiako Tranbia Konpainia ekipamenduaren (Kotxerasen) azpiko berdegune zabala erreferentzia gunetzat hartuta, proiektuari “Sorleku” izena jarri eta martxan jarri ziren.
Alubiren eskutik 2018 eta 2019 urteen artean 5-9 urte bitarteko Zurriola Ikastolako 300 haur inguruk hartu zuten parte 3 astez luzatu zen prozesuan. Eremuaren inguruan bizi diren haurrek ere parte hartu zuten egun bateko saio batean.
: Alubi
Txosten batean jaso ziren prozesu honen ibilbidearen gako nagusiak eta emaitzak, eta Udal Gobernuak eta Ekialdeko Barrutiko Batzarrak parkea egiteko tramitazioan aurrera egitea erabaki zuen.
2021 urteko azaroan bilera ireki batekin abiatu zen prozesu osagarria, proiektua nondik zetorren azalduz, zein helburu zituen, nola antolatuko zen …
Ondoren hurrenez hurren 3 bilerako fase bat garatu zen non eremuaren inguruko bizilagunek, heldu zein haurrek eta adineko pertsonek eta zaintzaileek parte hartu ahal izan zuten, elkarrekin eta taldearen araberako saio bananduetan.
Prozesu berriaren xedea hausnarketa kolektiboaren bitartez hiri, parke eta jolasaren inguruko hausnarketa egitea izan zen, ohiko parkeetatik aterako litzatekeen eredu berri baterako proposamenak eginez.
Benetan proiektua gauzagarria izango zela ziurtatzeko, eremuaren baldintza teknikoak aintzakotzat hartu ziren: baldintzatzaile nagusiena partzela azpian kokatzen den "ekaitz tankea" izango zela nabarmendu zen.
: Alubi
Elkarteak berak bideo bat argitaratu zuen 2017tik 2022ra bitarteko prozesua islatuz.
Donostiako Udaleko Proiektu eta Obretako Zuzendaritzak aurreproiektua garatzea eskatu zion Cristina Rodríguez Urquijo arkitektuari: 2023ko martxoaren 1ean Intxaurrondon jendaurrean bileran bat ospatu zen, oinarrizko proiektua definitu aurretik herritarren azken ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Arkitektoak memorian jasotako ondorioak planora nola eraman diren azaldu zuen, eta ideia batzuen egokitzapena baldintzatu zuten faktoreak zein izan ziren zehaztu zituen. Horren ondoren, auzotarren galderak eta ekarpenak egin ziren, batez ere irisgarritasunarekin, parkearen mantentzearekin eta saihesbide berriaren proiektuak Marrutxipin duen eraginarekin lotuak.
Hurrengo pausoak hauek izango dira:
- Oinarrizko proiektua idaztea
- Exekuzio-proiektua idaztea.
- Obraren lizitazioa.
- Exekuzioa.
Prozesu hori amaitzeko, 2023ko martxotik abiatuta 18 hilabeteko epea aurreikusten da guztira.
Aurreproiektuaren irudia.