Breadcrumb
Eduki publikatzailea
Irailaren 14an, Donostiatruk bigarren eskuko merkatua
Tabakaleran, 10etatik 14etara
Datorren larunbatean, irailaren 14an, Udaleko Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak antolatzen duen bigarren eskuko Donostiatruk azoka egingo da Tabakalerako barruko plazan 10:00etatik 14:00etara. Bigarren eskuko azokak etxeko artikuluei beste erabilera bat eman nahi die, hondakin bihurtu aurretik. Gainera, horietatik onura ekonomikoren bat lor daiteke (arropa, liburuak, jostailuak, etab.), baita modu merkeagoan eskuratu ere.
Azokan ingurumenari buruzko sentsibilizazio- eta kontzientziazio-jarduerak egingo dira, eta erosketaren bat egiten duten pertsonen artean bi lagunentzako bazkaria edo afaria zozkatuko da Antiguako Orburu jatetxe begetarianoan.
Zergatik berrerabili?
Etxeko produktuak berriro erabilita, euren balio-bizitza luzatu egiten da. Horrela, hondakin kopurua, produktuen ekoizpenak ingurumenean dituen eragin kaltegarriak, eta baliabideen kontsumoa gutxitu egiten dira. Era berean, berotegi-efektuko gasen isurketa ere murriztu egiten da. Gas horiek Lur planetaren berotzea eragiten dute, eta klima-aldaketa indartzen da. Azken Donostiatruken, alegia uztaileko azokan, lortutako berrerabilerari esker 3 tona CO2 baino gehiago ez dira atmosferara isuriko.