Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Donostiako udalak hiriaren mapa termikoa argitaratu du.

Tenperaturak ia 3 gradu igo dezake 2100. urterako.

Donostiak klima aldaketaren ondorioak jasango ditu datozen hamarkadetan. Hala ageri da Tecnaliak egindako mapa termikoan. Mapa hori Donostiako Udalak 2017an onetsitako Klima Aldaketara Egokitzeko Planari lotuta dago.

Diagnostiko horretan jartzen duenez, klima aldaketaren agertoki “beltzenean” hauxe aurreikusten da 2100. urterako:

  • Tenperatura maximoa 2,8°C inguru igoko da. Horrez gain, espero da 20 °C-tik gorako tenperatura minimoa duten gauak 5-15 gehiago izatea urtean.

  • Proiekzioen arabera, mende amaierarako, urtean 2-4 bero bolada gehiago izango dira; horrek eta eguneko eta gaueko tenperatura maximoen igoerak eragin zuzena izango dute osasunean.

  • 1980-2015 aldian, itsasoaren azalerako batez besteko tenperatura 0,19 ºC igo da hamarkada bakoitzeko.

 

Azken urteotan, ugaritu egin dira udan izaten diren bero boladak, eta halako fenomenoek gogor astitzen dituzte hiriak. Klima aldaketaren proiekzioen arabera, bero boladen maiztasuna, intentsitatea eta iraupena handitu egingo dira datozen urteetan. Bero boladen eragin negatiboen artean, azpimarratzekoa da horrek berekin dakarrela heriotza tasa handitzea, zenbait azterketa zientifikok erakusten dutenez.

Hain zuzen ere, 2011. urtean Berlinen egindako azterlan baten arabera, bero boladetan, heriotza tasa handiagoa izan zen hirian, batez ere dentsitate handiko auzo urbanizatuetan. 2003ko udako bero boladan Parisen egindako antzeko beste azterlan batek ere agerian uzten du gauez azaleko tenperatura infragorria duten eremuetan izan zela gehiegizko beroak eragindako heriotza tasarik handiena. Gainera, bero boladek eragin handia dute airearen kalitatean eta etxebizitzetako aire giroturako energia eskarian.

Tenperatura igoeraren eta bero boladen eragina arintzeko, aliatu garrantzitsuak dira naturan oinarritutako sistemak, hala nola teilatu berdeak eta patio landaredunak. Life Integrado UrbanKlimaren esparruan, naturan oinarritutako irtenbideen katalogo bat egingo da, hirietan tenperaturaren eragina arintzen laguntzeko. Irtenbide horiek dagoeneko ezarri dira hiri askotan, hala nola Parisen eta Kopenhagen; hain zuzen, hiri horietan jadanik badago teilatu berdeen estrategia bat; horren arabera, teilatu laua duten eraikin berriek (30º C baino gutxiagoko malda dutenak) berdeak izan behar dute 2020tik aurrera.

Txosten osoa (gaztelaniaz).