Breadcrumb
DonostiaTIKNavigation
Hondartzak
Hondartzak
Donostiako hondartzak
Donostiako hondartzetara jende asko etorri ohi da, eta, horregatik, hainbat zerbitzu eman beharra dago: zaborrontziak, komunak, dutxak, sorospen eta salbamendua...
Zerbitzu horiek eskaintzeak eta hondartza erabiltzeak badute ingurumen eraginik hondartzen ingurune naturalean eta itsas ingurunean, eta, hori dela eta, denon artean, ahalik eta gehiena gutxitu behar dugu inpaktu hori.
Azken batean, helburua da oreka lortzea hondartzaren erabiltzaileek eskatzen dutenaren eta ingurunearen egoera sanitario eta ingurumen kalitate onaren artean.
Kontrol sanitarioa eta hondartzen kalitatea
Aspaldidanik egiten da bainurako uraren kontrol sanitarioa, bai eta hondartzako hondarrarena ere, eta beti begiratu da baldintza egokiak izatea, bainua eta hondartzako egonaldia osasungarriak izan daitezen.
Ingurumen Kalitatearen Atalak astero egiten du hondartzetako osasun eta ingurumen kontrola. Hain zuzen, ikuskapen lan hauek egiten ditu:
(1) Bainurako uraren analisia:
Astelehenero, uraren lagin bat hartzen da zortzi laginketa tokitan, gutxi gorabehera 1,-1,5 m sakon diren aldeetan, eta lagina 30 cm-ko sakoneratik hartzen da. Hala, eskuarki bainuzale gehien ibiltzen den aldeetan uraren kalitatea zein den jakin daiteke: Aztertzen diren parametroak eta emaitzen ebaluazioa legeak ezartzen dituen irizpideetan oinarritzen dira.
Udan, toki hauetan hartzen dira laginak:
- Ondarreta: erdialdea eta tenis ingurua
- Kontxa: Loretopea, erdialdea eta Nautikoa
- Zurriola: Urumea, erdialdea eta Ulia
- Uharteko hondartza (hamabostean behin egiten da laginketa)
Udatik kanpo, bainuzale gutxiago izaten denez, hiru toki hauetan soilik hartzen dira laginak:
- Ondarreta: Tenisa
- Kontxa: Nautikoa
- Zurriola: Ulia
(2) Ikuskapena lekuan bertan:
Astero, hondartzetan ibiltzen gara, elementu hauek nola dauden ikusteko:
- Urertzeko ura: aparrik baduen, kolore susmagarririk baduen, ur gainean hondakinik ba ote dagoen, usainik baden, hidrokarburoen edo beste produktu oliotsuren baten irisaziorik ba ote den.
- Hondarra: hondakinik baden ala ez (makilak, plastikoak, ontziak…). Algak edota harriak egotea ez da kutsaduratzat hartzen.
- Ekipamenduak edo zerbitzuak: kabinak, komunak, zaborrontziak… Instalazioak zer egoeratan dauden eta garbi dauden aztertzen da, zaborrontziak behar bezala berritu ote diren, hondartzako txorrotek eta dutxek jariorik ba ote duten…
Udan, indartu egiten da asteroko kontrola eta beste ikuskapen bat egiten da (laginik hartu gabe).
Bainurako uraren kalifikazio sanitarioa eta hondartzetako baldintza sanitarioak astero argitaratzen dira, Donostiako hondartzen web orrian, eta hondartza bakoitzeko kabinetako iragarki taulan ere jartzen dira; beraz, herritarrei ematen zaie informazioa, legeak ezarritakoarekin bat. Gainera, udan, kartel bat jartzen dugu, informazio horrekin, hondartzetako sarreretan edo inguruko tokiren batean.
Bestalde, bainu garaian (ekainetik irailera), asteroko emaitzak Ingurumeneko eta Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioaren NAYADE programan sartzen dira, eta programa horrek berak legearen arabera ezartzen duen kalifikazioarekin batera argitaratzen dira. Informazio hori eskuragarri dute herritarrek Espainiako Bainurako Uren Informazio Sistemaren bidez.
Hondartzen ingurumen ziurtagiriak: ISO 14001 eta EMAS
Udalaren hondartza zerbitzuaren helburua da hondartzetara joaten diren herritarrei zerbitzu on bat ematea eta, aldi berean, erabilera horren ingurumen eragina gutxitzea. Hori dela eta, erabaki zen hondartzetan egiten diren jarduera eta lan guztiak ingurumena kudeatzeko sistema bateratu batean sartzea.
Lehenago, Bandera Urdina izaten zen. GKE batek ematen zuen sari hura, eta 2000. urtetik aurrera, erabaki zen ISO 14001 egiaztagiria soilik eskatzea. 2003an, berriz, EMAS Erregistroa eskatzen hasi ginen, Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritzaren bitartez ematen duena.
Donostiako hondartzen Ingurumena Kudeatzeko Sistema Bateratua
Donostiako hondartzen web orrian, xeheki azaltzen da zer zerbitzu dauden, eta, horrekin batera, planoak eta hondartzei buruzko bestelako informazio interesgarria ere agertzen da.