Breadcrumb
DonostiaTIKNavigation
Legionella
Legionella
Legionelosia
Legionelosia Legionella pneumophila bakterioak sortutako gaixotasuna da. Lehen aldiz 1976 urtean deskribatu/identifikatu zen Filadelfiako hotel batean neumonia agerraldi bat gertatu ondoren, urteroko batzarra ospatzen ari zen Amerikako legioko zenbait kide erasan zituelarik. Gaixotasunari legionelosi izena eman zioten eta hura sortarazten duen eragileari Legionella pneumophila deitu zitzaion.
Legionella
Legionella oso zabalduta dagoen ingurumen bakterioa da laku, ibai eta urmaelen gisako gainazaleko urak dituelarik bizileku natural, toki horietako bakterio floraren parte izanik. Leku hezeetan ere isolatu izan da eta mundu osoan aurkitzen da.
Gordailu natural horietatik abiaturik bakterioak hirietako hornikuntza sistemak koloniza ditzake, eta ur banaketaren sarean zehar etxeko ur hotz zein beroen sistemara edo beren funtzionamendurako ura beharrezko duten beste sistema batzuetara, hala nola, hozte dorre, lurrunketa kondentsadore edo iturri apaingarrietara igaro daiteke.
Nola transmititzen da? Zer dela eta gerta daiteke agerraldi bat?
Natur ingurunean bakterioa kontzentrazio txikitan baina ur zirkuitu artifizialak kutsatzeko adina kopuruan egoten da. Zirkuitu hauetako baldintzak egokiak izan daitezke bakterioaren ugalketa eta barreiaketa posible izateko: ura gelditzeak eta lohi, materia organiko, korrosio material eta bakterioen elikagai diren ameben gisako produktuen metaketak biogeruza bat sortarazten du.
Biogeruza hau eta tenperatura egokiak egoteak gizakiarentzako arriskutsuak diren kontzentrazioetarainoko Legionellaren ugalketa eragin dezake.
Instalazioan aerosolen sortzaile den mekanismorik baldin badago bakterioa airean barreia daiteke. Bakterioa beren baitan daramaten ur tantek airean esekita gera daitezke eta eragin pean dauden pertsonen arnas aparatuan sar daitezke.
Zuzenbide esparrua eta Udalaren jarduerak
Esparru juridikoa
Legionelosia prebenitzeko eta kontrolatzeko osasun baldintzak ezartzen dituen ekainaren 21eko 487/2022 Errege Dekretuaren xedea da herritarren osasuna babestea, legionelosia prebenituz eta kontrolatuz, osasun neurriak ezarriz zenbait instalazioetan: zehazki, ura erabili eta aerosolak sortzen dituztenak, eta pertsonak hauen eraginpean jartzen dituztenak. Ur honetan Legionella ugaltzen da, aerosolean garraiatzen da eta pertsonek arnastean transmititzen da gaixotasuna.
Arrisku instalazio horiek dira, besteak beste, hozte dorreak, ur sanitarioko sistemak, spak eta jakuzziak, industria zentral hezetzaileak, iturri apaingarriak, aspertsio bidezko ureztatze sistemak, suteen aurkako ur sistemak, etab.
Aipatutako Errege Dekretuak instalazio horiek dauden enpresak behartzen ditu egitura eta funtzionamendu baldintza jakin batzuk betetzera, bai eta instalazioaren mantentze lan eta kontrol egokiak egitera ere. Horiek guztiak legionelosia prebenitzeko eta kontrolatzeko planean (LPKP) edo legionellaren osasun planean (LOP) landuko dira, eta arrisku instalazioaren titularrak du plan hauek egiteko derrigortasuna.
Udalaren eskuduntzak
Gure hirian Udala da legionellaren kontrolerako eskuduntza duen osasun agintaritza.
Bioaniztasunaren eta Ingurumen Kalitatearen Atalak arriskupeko instalazioen kontrola egiten du aldizkako ikuskaritzarako bisitak eginez. Hauetan indarrean dagoen arautegiko baldintzak betetzen direla egiaztatzen da.
Akats edo hutsuneak daudela ikusten bada hautemandako arriskuari aurre hartzeko edo murrizteko neurriak ezar arazten dira. Neurri hauek egiturazko edo funtzionamendu okerreko akatsak zuzen araztea eta instalazioen mantentzean hutsuneak konpontzea izan daitezke.
- Legionellaren ugaltze eta barreiatzea gerta daitekeen instalazioen kontrol eta zaintza egiten da instalazioen begi-ikuskapenen bitartez.
- Instalazioen LPKP eta LOPk ebaluatzen dira, eta horiek benetan aplikatzen direla egiaztatzen da.
- Aldizka instalazio hauetatik ur laginak hartzen dira legionellarik badagoen ala ez jakiteko.
- Legionella kasuen jakinarazpenen aurrean kutsadura-iturri posibleak aztertzen dira.
Zer egiten da kasu bat agertuz gero?
Legionelosia derrigorrez deklaratu beharreko gaixotasuna da. Badago, beraz, kasuen deklaraziorako sistema bat euren artean, infekzio iturri komun bat medio, erlazionaturik egon daitezkeen kasuak hautematea ahalbidetzen duena.
Behin inplikaturiko instalazio posibleak hautemanda daudelarik haien gaineko zaintza zorroztu egiten da eta arriskua ekiditeko egokiak diren neurriak har arazten dira, hala nola, instalazioaren garbiketa eta desinfekzioa, egiturazko eraberritzea edo, baita ere, instalazioaren gelditze erabatekoa edo partziala.
Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean dihardu, harekin batera urteroko ekintzarako plan bat burutzen duelarik.