Breadcrumb
DonostiaTIKNavigation
Igerilekuak
Igerilekuak
Azken hamarkadetan, igerilekuen instalazioa asko hedatu da, jolaserako, kirolerako edo erabilera terapeutikoetarako. Hala ere, behar bezala kudeatu dira, erabiltzaileen osasuna eta osotasuna babesteko, baita ingurumenean duten eragina murrizteko ere.
Donostian, Udaleko Ingurumen Zuzendaritzako Ingurumen Kudeaketa Bulegoak du igerilekuak gainbegiratzeko ardura.
Igerilekuko arriskuak
Ezin uka daiteke igerilekuak erabiltzea osasunarentzat onuragarria dela. Hala ere, igerilekuen instalazioek zenbait arrisku dituzte, behar bezala kudeatzen eta erabiltzen ez badira; hauek, besteak beste:
- Arrisku fisikoak: istripuak, itotzeak, erorikoak...
- Arrisku kimikoak: produktu kimikoen isuria, airean edo uretan produktu toxikoen maila altuak izatea.
- Arrisku biologikoak: uretan, airean edo gainazaletan mikroorganismo patogenoak egotea.
Arriskuak murrizteko, ezinbestekoa da instalazioak behar bezala kudeatzea eta erabiltzaileei jakinaraztea euren portaerak eragina duela osasun arriskuetan.
Igerileku motak
Igerilekuen titularren betebeharrak igerileku motaren araberakoak dira, honako sailkapen honen arabera:
- Erabilera publikoko igerilekuak: herritarrei edo erabiltzaile talde zehatz bati irekita daudenak.
- 1. mota. Urari lotutako jarduera xede nagusi duten igerilekuak: igerileku publikoak, aisialdikoak, ur parkeak, spak.
- 2. mota. Xede nagusiaren osagarriak diren igerilekuak: hoteletako, turismo ostatuetako, kanpinetako, osasun zentroetako eta abarretako igerilekuak.
- Erabilera pribatuko igerilekuak: familiak eta jabearen edo okupatzailearen gonbidatuek bakarrik erabiltzen dituzten igerilekuak, alokairu etxeetako igerilekuak barne.
- 3A mota. Etxejabeen komunitateko igerilekuak, landetxeetakoak, agroturismoetakoak, unibertsitate egoitzetakoak eta antzekoak.
- 3B mota. Familia bakarrentzako igerilekuak.
Kontrolaren eta zaintzaren ardura
Igerilekuaren funtzionamenduaren arduradun bakarra instalazioaren titularra da. Haren ardura da bermatzea beharrezko kontrol eta zaintza lanak egiten direla erabiltzaileek arriskurik ez dutela ziurtatzeko.
1 eta 2 erako igerilekuen titularrek autokontrol plan bat diseinatu eta martxan jarri behar dute; bertan, egingo diren kontrol eta zaintza neurriak zehaztu beharko dituzte. Gainera, egiten dituzten jarduketa guztiak erregistratu beharko dituzte. 3A erako igerilekuetan autokontrol plan sinpleago bat ezarri beharko da.
Udan berriz irekitzea
1, 2 edo 3A erako igerilekuak (20 etxebizitzatik gora, etxejabeen komunitateen kasuan) Udaleko Ingurumen Kudeaketaren Bulegoan jakinarazi beharko dute udan irekiko dutela.
Igerilekuen erabiltzaileak
Igerilekuen erabiltzaileek behar bezala jokatuz gero, murriztu egiten dira arriskuak, ez soilik arrisku fisikoak, baizik eta baita arrisku kimiko eta mikrobiologikoak ere.
Arrisku fisikoak: ez itotzeko, erortzeko edo min hartzeko, jarraitu aholku hauei:
- Ez egin salto buruz, baimendutako guneetan izan ezik.
- Ez egin korrika.
- Zaindu haurrak uneoro, batez ere gazteenak.
- Itxaron beharrezko denbora otorduen ondoren, liseritzeko.
- Sintoma arrarorik sentituz gero, atera uretatik: hotzikarak, nekea, zorabioa, buruko mina...
Arrisku kimikoak: uretan dauden produktu desinfektatzaileek uretara iristen den materia organikoekin (izerdi arrastoak, azaleko eta eguzkitako kremak etab.) erreakzionatzen dute, eta horrek desinfektatze azpiproduktuak sortzen ditu. Desinfektatze produktuek osasunari kalte egiten diote. Hori saihesteko modurik onena igerilekura sartu baino lehen kontu handiz dutxatzea da.
Arrisku mikrobiologikoak: saihesteko, jarraitu aholku hauei:
- Dutxatu igerilekura sartu baino lehen eta ondoren.
- Erabili txinalak.
- Gaixotasun kutsakorren bat baduzu, ez bainatu.
Legeria aplikagarria
- 742/2013 Errege Dekretua, irailaren 27koa, igerilekuen irizpide tekniko-sanitarioak ezartzen dituena.
- 742/2013 Errege dekretuaren zuzenketa.
- 32/2003 Dekretua, otsailaren 18koa, erabilera kolektiboko igerilekuen araudi sanitarioa onartzekoa.
- 208/2004 Dekretua, azaroaren 2koa, erabilera kolektiboko igerilekuen araudi sanitarioa aldatzen duena.
Esteka interesgarriak
Udal igerilekuak (Kiroletako Udal Patronatua)