Breadcrumb
Alde babestua: basoa eta ura
Alde babestua: basoa eta ura
Ur hornikuntzarako kanal eta hodi sarea eratzearekin batera, basoa berreskuratzeko prozesua ere hasi zen, bi helburu lortzeko: Edateko ura lortzeko baldintza egokiak sustatzea eta barrutia erosteko sinaturiko kredituari aurre egiteko diru sarrerak lortzea. Horretarako, bi sistema erabili zituzten: pagadia naturaren arabera birsortzeari eragitea eta baso espezie batzuk birlandatzea (pinua, ameriketako haritza, izeia...).
Gerokoak, hainbat hamarkadatan, udalak basoko egurra ustiatzeari utzi zion. Hala, basoa berreratzea eta naturalago egitea nahiz aldea naturaren legeen arabera berreskuratzea lortu zuten. Bestalde, etxaldean bazirauen errekatxo eta errekasto sorta oparo batek. Hala, paisaia balio handia eta biodibertsitate izugarria lortu zuen Artikutzak, basoa, ura eta inguruaren zabala oinarri hartuta.
2004. urtean, Natura 2000 Sarearen parte izatera pasa zen Artikutza (espezieak eta haien habitatak babestera bideratutako natur guneen Europako sarea), eta Nafarroako Garrantzia Komunitarioko 42 Lekuetako (GKL) bat da orain.
2016ko urtarrilean, Natura 2000 Sareko Babes Bereziko Eremu izendapena argitaratu zuten, bai eta onarturiko erabilera eta kudeaketa plana ere, leku hartako osagairik garrantzitsuenak kontserbatzea edo berreskuratzea bermatzeko neurriak ezartzeaz gain, etxaldean gauzatzen diren jarduera guztiak arautzen baititu plan horrek.
Babesa justifikatzen duten oinarrizko elementuak hauek dira:
- Baso naturalak: pagadiak, hariztiak eta hagin sailak. Gaur egun, eta ia 100 urtez babestu ondoren, Artikutzako azaleraren %90 baso da. Pagoa da espezie nagusia, eta pagadiak osatzen du baso azaleren ia erdia. Azken urteetan gizakiak esku hartu ez duenez gero, helduarora arte garatu dira. Azaleraz gain, azpimarratzekoa da pago lepatu zahar asko eta hildako egur ugari izatea ere, baso osoan, ez pagadian soilik, eta, horri esker, horren beharra duten espeziek bizirik diraute.
Pagadi hauetan pago motz eta gazteak topa ditzakegu tartekatuta - Errekasto eta haltzadiak. Ugari dira ura Artikutzatik igarotzen diren lau ibai nagusietara isurtzen duten errekastoak; eta, horietatik, Urdallu da Artikutzako kanpo sortzen den bakarra. Ikertu eta kontserbatu beharreko baldintzetan diren leku ia zapaldu gabeak dituzte errekasto horiek, eta fauna eta flora espezie interesgarri-interesgarrien bizileku dira.
- Flora interesgarria. Interes botaniko handiko espeziak ditu. Horietako batzuk oso kalteberak eta urriak dira Nafarroan, penintsulan eta are Europan ere.
Soldanella villosa, Kantauri aldeko endemismoa - Koleoptero saproxilikoak. Oso espezie mehatxatuak aurkitu dituzte, eta basoaren heterogeneotasun eta heldutasunaren adierazle dira horietako batzuk. Egur hila ugari egoteari esker bizirik irauten dute, baso naturaletarako maila egokietan, habitat eta espezie mota asko egoteko bidea emanda.
- Ibai eta errekei loturiko fauna. Espezie babestuak bizi dira erreka horietan, esaterako, muturluzea, orokorrean, hango errekasto eta haltzadiak kalitate handikoak diren seinale.
- Kiropteroak (saguzarrak): egiaztatu bezala, badira espezie babestu batzuk, koba, meategi zaharrak, hondakinak eta abar daudelako, eta, horiei esker, espezie horiek leku horietako barrunbeetan babesten dira. Artikutzan direnen moduko baso helduen behar handia dute saguzar espezie batzuek, hortaz, ugariago agertzen dira leku hartan.
Horregatik guztiagatik, eta elementurik esanguratsuenen gaineko informaziorik ez handia hauteman ondoren, etxaldean ikertzen hasi dira zientzialariak. Lehen ikerlana, ur sistemarekin eta hari atxikitako ekosistemekin erlazionatuta dago. Besteak beste, ondorioztatu zutenez, orokorrean, errekastoen eta inguruaren kalitatea bikaina da, baina sareak hainbat oztopo zituen, ibai-errekastoen loturak galarazten eta inguru haietako morfologia eraldatzen zituztenak, eta, horrekin batera, ekosistemaren funtzionamendua. Hortaz, eta ikusita oztopo horietako asko ez zirela erabiltzen, Artikutzan 7 presa eta ur errotatxo txiki kendu zituzten, leku babestu hartako hainbat kilometrotan ibai loturak hobetu eta errekastoei berezko morfologia berriro emanda.